Garbiñe Larreari, adeitasunez.
Nemo patriam quia magna est amat, sed quia sua. “Inork ez du maite haren aberria handia delako, baizik eta berea delako”, idatzi zuen Senecak. Sed quia sua liburuan Iñaki Segurolak saiakera arduratsu bat egiten du. Euskal gogoa euskal hizkuntzaren bitartez interpretatzen saiatzen da. Emaitza harrigarria da, originala. Konplexua bezain katramilatsua. Hasiera batean, behintzat.
Aditua diot Iñaki Segurolari noizbait, Sed quia sua-en edizio arin bat egitea burutik pasa zitzaiola. Tamalez, denbora edo indar faltaz, ez zuen halakorik egin. Hemen laburbiltzeko lanari ekinen diot poz-pozik. Zergatik eta zertarako? Alde batetik, lanbroen eta itzalen artean, testuan badelako halako argitasun bat, aldarrikatu beharrekoa. Bestetik, ideia nagusien zabaltzeko (baita eztabaidatzeko ere, behar bada) komeni baita ahalik eta modu errazen azaltzea, ahalik eta hitz sinpleen erabilita. Tamalez, bi alde txar baditu honek. Batetik, lanketa honetan galtzen dela grazia eta saleroa, gatza eta piperra. Baina horretarako iturria dago, eskuragai, irakurgai eta gozagai. Bestetik, liburuan agertzen diren hainbat ideia benetan —eta ez olgetan— hartu beharko ditut. Eta horretan, —ideiak benetan hartzean— nolabait, liburuaren gogoari traditu beharko diot. Tira. Hemen aurkeztu behar dena interpretazio bat besterik ez da.
Lanketa honetan ideia garrantzitsuenak ikusiko ditugu. Horixe helburua. Hasteko, ideia handi bat azpimarratu behar da, alegia, euskal hizkuntzan eta euskal gogoan hiru transformazio handi antzematen direla: (T1) gai-tik gauza-ra, (T2) dena eta ez denaren pentsatzeko modutik, badenaren pentsatzeko modura eta (T3) jakinduria-tik jakintza-ra. Baina hiru ideia hauen gainean beste bi badaude. (i) Mundua eta hizkuntzaren arteko eragina bi norabidetakoa da, hau da, munduak hizkuntzari eragiten dio eta hizkuntzak munduari eragiten dio. (ii) Hizkuntza eta gogoa transformazio bat dela, hau da, aldatze etengabea.
Lehendabizi, oinarrizko bi ideia hauek (i & ii) aurkeztuko ditut, lanketa honen eskortak marrazteko asmoz edo. Gero, euskaran gertatzen ari diren hiru transformazioak banan-banan deskribatuko ditut (T1, T2 & T3). Azken atalean, transformazio horiek eta mekanika kuantikoaren arteko lotura zein ote den aztertuko dut, Segurolaren Bi Zirriztuen Experimentuaren gaineko artikulazioa/interpretazioa oinarri hartuta.
i: Mundua & hizkuntza
Mundua ulertzeko hizkuntzari aditzearen alde egiten du Segurolak.1 Baina zergatik aditu behar diogu gure hizkuntzari? Zergatik aditu edozein hizkuntzari? Ez al da aski munduari aditzea (fisikan, biologian, zientzietan egiten den moduan)? Bi erantzun mota emanen dira. Bata, konstruktiboa. Bestea, dekonstruktiboa.
Erantzun konstruktiboa: Hizkuntzak eta gogoak ehun bat osatzen dute.2 Horregatik, hizkuntzari aditzean, gogoari aditzen diogu. Eta gure gogoari aditzean, gure “pentsaera”, “desira”, “oroimen”, “borondate” eta “asmo”-en oihartzunak antzemanen ditugu.3
Erantzun dekonstruktiboa: Hizkuntzari aditzean ideia pottolo eta arriskutsu bat desegiten da, alegia, mundua designakizun hutsez egina dagoela eta hizkuntza designatzaile hutsez egina dagoela eta, hortaz, mundua inventarium bat dela eta hizkuntza, berriz, mundutik at dagoen eta mundua seinalatzeko besterik balio ez duen tresna objektibo bat badela. Ideia arriskutsu, dogmatiko eta sinplifikagarri honi MH (mundu/hizkuntza) deitzen dio Segurolak.4 Haatik, hizkuntzak mundua munduago egiten du, eta munduak, berriz, hizkuntza hizkuntzago.
Postdata: mundua eta hizkuntzaz ari bagara, ez gara bakarrik hizkuntzalaritzaz ari. Fisika ere hizkuntza bat da. Mekanika kuantikoak zera erakusten digu: neurketak neurtutakoa aldatzen, eragiten eta kondizionatzen duela.5 Hortaz, fisikan ere, MH pentsakera nagusi honek ez du behar bezala funtzionatzen.
ii: Aldatze(n) etengabea
Hizkuntzak eta gogoak transformatzen ari dira, behin eta berriz. Transformazio hori etengabea da: aldatze(n) bat da. Ez dago hizkuntza finkaturik edo perfekturik, ez eta gogo finkaturik edo perfekturik. Ideia hau oinarrizkoa da, eta hemen aurkeztuko diren gainontzeko ideiak blaitzen ditu.6
Komentarioa: Ideia honek ez du euskolabelik. Ez da euskal hizkuntzan edo euskal gogoan besterik gertatzen ez den zera bat, hizkuntza zein gogo guztietan agertzen den zerbait baizik. Ez dago jatorrizko ezer. Dena aldatzen ari da.7 Ideia honi jarraiki, zer espero dezakegu gertatu dena eta gertatuko denari buruz? Zer ondoriozta dezakegu atzera eta aurrera begira?
- Atzera begira: ez dago hasiera absoluturik, ez eta sustrai edo jatorri absolututurik. Erne etimologiarekin (“erro hau, etim hau”). Erne jatorri bat eta bakarraz ari bagara (“euskara hizkuntza preindoeuropar bat da”).
- Aurrera begira: etorkizuna ez dago ezarrita, ez dago determinatua. Etorkizuna etengabe irekitzen ari da. Sekulan ez dugu mundua guztiz ezagutuko edo deskubrituko. Erne zientziari buruzko profezia baikorregiekin (“burmuinaren funtzionamendua deszifratzeko gertu gaude”, “denari buruzko teoria bat”). Zientzia ez da noizbait osoki burutuko den lanketa bat.
Alboko komentarioa: arau mnemotekniko gixa, ideia hau agi/egi/higi batean laburbildu daiteke. Agiak, egiatan, higitze(n)ak dira. Horixe dugu eguneroko ogia.8
Bi ideia hauek (i & ii) kontuak hartuta, zer diosku ba euskarak? Ze mintzo da? Ze aldatze? Ze mundu eta ze gogo?
T1: gai-tik gauza-ra
Lehenik eta behin, euskeran bada designazio edo izendatzeko moduari dagokion transformazio bat. Lehen, mundua osatzen zuten zerak aipatzeko gaia hitza erabiltzen zen. Orain, gero eta gehiago, gauza hitza erabiltzen da. Lehen -tzekoak esaten ziren. Orain, gero eta gehiago, -ak. Non ikusten da aldatze etengabe hori? Forma zaharren arrastoak badira. Bi aipatzearren, Esteban Garibairen XVI. mendeko esaera: itzok eder, geiok ez (orain: hitzak eder, gauzak, ordea, ez) eta Etxahun Barkoxekoa: bi berset gei tit khantatü (orain: bi bertso kantatzeko asmoa dut). Hala ere, forma zahar horien aztarna dexentek ere diraute. Adibidez, zergatik edo zergaitik galdetzen dugu, eta ez zer gauzatik.
Nola interpreta aldatze hori? Zer esan nahi du? Hiru puntu nabarmendu behar ditut.
- Lehendabizi, gaia (-tzekoa) irekiagoa da. Gauza (-a), alta, itxiagoa da, bukatuagoa, gatzatuagoa. Gaiak determinakizun daude, egiteke. Gauzak, berriz, determinatuak daude, eginak.9 Honek zera esaten digu, posibilitateen ahultze bat, edo, hobeto esanda, analisi eta klasifikazio bukatuak proposatzeko joera bat. Munduari begirada estatiko bat emateko joera, alegia.
- Bigarrenik, Segurolak hiru hitz elkarren ordezkagarri erabiltzen ditu: “gauzatze”, “gogortze” eta “gatzatze”.10 Hortaz, gaia ezegonkorragoa da. Gauza, berriz, egonkorragoa, gogortzeagoa, gatzatzeagoa da. Ezarrita dago. Horrek salatzen du errealitateari begiratzeko joera bat, hots, gero eta gehiago errealitatea gauza egonkorrak erreferentzia hartuta aipatze eta erreparatzekoa. Batzutan, joera honek aldaketa etengabeak nozitzea eta ulertzea galarazten digu.
- Hirugarrenik, gaia hitzak zera batek beste zerbaitetarako duen gaitasuna, asmoa edo prestasuna azpimarratzen du. Hortaz, prozesu eta erlazioen garrantzia agerian uzten du. Gauza hitzak, berriz, zera baten izaera autonomoa azpimarratzen du. Hortaz, substantzia eta izaera independienteen garrantzia agerian uzten du. Hitz pottoloekin erranda, transformazio honek substantzialismoarekiko joera bat islatzen du.
Transformazio hau ez da burutu. Etengabekoa da, nolabait:
“Gauza-k ordezkatzen (ari) du gai […], baina ordezkapena sekula osotara burutu gaberik eta mundu/gogo zaharrak eta betikoak arrasto garbiak uzten dituelarik berriagoan: gai-k nabarmenki kutsatua ageri zaigu gauza, eta kutsatze horretatik datorkioke ‘ahaldun, kapaz’ esanahia gauza-ri.” (Segurola 2020: 86).
T2: dena eta ez dena-tik badena-ra
Euskeran ematen den transformazio hau izanari buruzkoa da, hau da, ontologiari dagokio, baina baita designazioari ere. Lehen, errealitatea designatzeko dena eta ez dena erabiltzen zen. Orain, berriz, badena erreferentzia nagusia da, gero eta gehiago. Euskal gogo zaharraren estilo ezbaikari honen aztarnak ugariak dira. Bat bakarrik aipatzearren, Axularrek, seigarren aginduari buruzko hau (237. bertsoa): Bertzerik ezpaliz ere, bere amoranteak berak ekhartzen dio berri franko: nork zer dioen, nor nola mintzo den, direnak eta eztirenak garraiatzen derautza.11 Gaurdaino mantendu dira estilo ezbaikari honen arrastoak, badaezpada eta eztabaida esamoldetan, esaterako.
Askotan (batik bat, dotrinaren testuinguruan) estilo ezbaikari honek egia eta gezurrari, ontasun eta zorrari edo daukaguna eta ez daukagunari erreferentzia egiten die. Horrela hartuta, estilo ezbaikari honek ez luke nabarmentzeko zera handirik. Baina Segurolaren ustez, interpretazio hau guztiz murritzailea da. Estilo ezbaikariak errealitate aberatsago eta sakonago bat salatzen du. Nola, ba?
- Alde batetik, estilo ezbaikariak esaten digu mundua ez dela inventarium bat, hau da, denaren izadi hil bat (still life bat), hizkuntzak kanpotik margotua eta designatua.12
- Beste aldetik, estilo ezbaikariak esaten digu errealitatea (hau da, guzti-osoa) ez dela bakarrik badena, baizik eta dena eta ez dena, aldi berean.13 Ez dena ere aintzat hartzeko mugimendu bat bada estilo ezbaikarian.14
- Hirugarrenik, estilo ezbaikarian bi balioko (true/false, bai/ez) logikatik haratago doa, duda zein probabilitatea serioski kontuan hartzeko, oraindik gauzatu ez den gaia kontuan hartzeko. Adibidez, mekanika kuantikoan agertzen den bi partikulen gainezarpena (kokapenarena, spin-arena, etabar) ulertzeko balio du. (Honi buruzko gehiago, berehala).
- Bukatzeko, estilo ezbaikarian zera antzematen da, determinismo eta erredukzionismotik ihes egiteko mugimendu bat.
T3: jakinduria-tik jakintza-ra
Azken transformazio honek mundua eta errealitatea nola ulertzen dugunari buruzkoa da, hau da, epistemologiari dagokio. Lehen, jakinduria zen nagusi, hau da, errealitateari aditzeko joera. Orain, berriz, edatuagoa dago jakintza, hau da, dakiguna justifikatzeko grina.15 Hortaz, jakinduria eta jakintzaren arteko ezberdintasuna euskal proba eta froga (edota erderazko “probar” horren polisemian —degustar/demostrar) horren ezberdintasunean datza. Jakindurian, munduko aleak probatu egiten dira. Jakintza, berriz, dakiguna ganoraz frogatzeaz arduratzen da. Tamalez, Segurolak ez du euskaran gertatzen ari den transformazio honen aztarna edo ebidentzia handirik ekartzen (pasadizo bat apenas: “beak esan al dik?”).16 Intuizioz ari dela ematen du, eta irudipena dut jakinduria eta jakintzaren arteko aldea ez dela Segurolak nahi bezainbestekoa. Hala ere, oro har, zenbait ondorio garrantzitsu atera daitezke transformazio honen karietara.
- Probatzea mundu irekian egiten den zerbait da. Frogatzea, berriz, laborategian (ceteris paribus kondizioetan) egiten den zerbait da.17 Frogaren garrantziak probaren garrantzia desplazatu egin du. Reichebachen erara jarrita, justifikazio testuinguruak deskubrimendu testuingurua desplazatu egin du.
- Euskal gogo zaharrean probatzeak duen lehentasunak pentsaeran zentzumen eta sentipenen papera erakusten digu. Ez dago (ez zegoen) pentsatu eta sentitu horien arteko muga zehatz bat. Sentipentsatzen dugu (genuen).18
- Euskal hizkuntzan gertatzen dena zientziaren nagusitasunaren islada da. Zientziak bestelako edozein jakinduri deuseztatzen du. Halaber, zientziak sasi-zientzia zer den eta zer ez den epaitzen badu, ez dago zientziaren estatusari buruz eztabaidatzerik. Horra arrisku handi bat.
Egia esateko, Segurolak bulkatzen duen kritika hau ez da zientziaren eskortetatik at gertatzen den zerbait. Haatik, zientziak berak justifikazio eta laborategien erabilpen gehiegizkoa salatu egin du sarritan. Esaterako, perzepzio teorian horixe bera da enaktibismoa eta Gibsonen enfoke ekologikoaren funtsa, edota psikofisikan laborategiko ereduak zalantzan jartzeko joera nabarmena. Oso litekeena da transformazio etengabeko hori bi aldetakoa izatea (euskeran zein munduan): proba-tik froga-ra eta froga-tik proba-ra.
Transformazioa onerako ala txarrerako?
Deskribazeaz gain, hiru transformazio hauen inguruan ebaluazio bat egiten du Segurolak, eta baikorra bainoago ezkor xamarra da. Euskal gogo zaharra prestuago, irekiago eta malguagoa zen. Oraingo euskal gogoa, berriz, pobreago, estuago eta zorrotzagoa da. Iraungitze-data duen (extinct den/doan) gogo baten islada da. Erronkei aurre egiteko balio ez duen gogo indarge baten islada.
Transformazioak eta mekanika kuantikoa
Neurketaren problema eta Bi Zirriztuen Experimentua sarri aipatzen ditu Segurolak, dena eta ez denaren adierazle gisa. Agian liburuan agertzen den ideia ausartenetariko eta originalenetariko bat da. Honek parada ematen dit experimentu hau laburki deskribatzeko, baita Segurolak egiten duen experimentu honen artikulazioari buruzko iruzkin batzuk paratzeko ere.
Bi Zirriztuen Experimentuak partikulen dualtasuna erakusten du, hots, fotoiak eta elektroiak bezalako partikulek uhina eta partikularen izaera badutela aldi berean. Sarea bideoz eta azalpenez josita dago. Hemen azalpen labur bat besterik ez dut eginen.
i. Bi Zirriztuen Experimentuaren lehendabiziko bertsioan (1801ean), Thomas Youngek erakutsi zuen argia uhinaren portaera bazuela (orduan nagusia zen Newtonen izpi teoriaren aurka). Argi iturri baten argia bi zirriztuetatik pasarazi zuen eta atzetik zegoen pantaila batean argi hori neurtu zuen. Pantailak interferenzia patroi bat jaso zuen. Gainera, argiaren frekuentzia eta patroi horren frekuentzia korrelatuta ziren. Experimentu honen arabera, argia uhin bat bazen.
ii. XIX. mendean Maxwellek elektromagnetismoaren oinarriak bildu eta aurkeztu zuen teoria oso batean, argiaren uhintasuna finkatuz.
iii. Hala ere, mendea bukatu baino lehen, Max Planken ikerketek iradokitzen zuten zerbait ez zihoala ongi. 1905an, Albert Einsteinen efekto fotoelektrikoaren inguruko ikerketek zerbait oso harrigarria erakutsi zuten, alegia, argiaren energia quantum-ka askatzen zela. Argiak partikula baten portaera zuen. Fotoia —fotoiaren konzeptu modernoa— agertu zen, alegia, masarik ez duen eta energia pakete bat daukan partikula bat. Fotoiaren energia frekuentziaren araberakoa da: , non Planken konstantea den, eta , berriz, argiaren frekuentzia edo maiztasuna.
iv. Bi Zirriztuen Experimentuaren bertsio berri batean, partikulen izaera duala guztiz azaleratu zen. Experimentu honetan, elektroiak (fotoiekin berdin gertatzen da) banan-banan bi zirriztuetatik pasarazi ziren, bi kondizio ezberdinetan. Lehendabizikoan, pantailaz gain inolako neurketa sistemarik paratu gabe. Elektroi asko (banan-banan) bidali eta gero, azkenean interferetzia patroia jaso zen. Hortaz, elektroi bakoitza bi zirriztuetatik pasatzen zen aldi berean. Alegia, uhin baten portaera zuen (gutxienez, pantailan egiten den neurketa baino lehen, elektroiak uhinaren portaera badu, zeren eta pantailan beti partikula edo puntu bat bezala neurtzen baita). Bigarrenean, neurketa sistema bat zirriztu batean jarri zen, hau da, detektagailu bat, elektroia handik pasatzen ote zen ebazteko asmoz. Orduan, pantailan jasotzen zen interferentzia patroia desagertu zen, eta bi lerro jaso ziren. Elektroi bakoitza zirriztu batetik —besterik ez— zen pasatzen (eta elektroi guztiak ez ziren beti zirriztu berberatik pasatzen). Alegia, zirriztua pasatzean, elektroia partikula baten portaera zuen. Horra dualtasuna. Horra ere neurketaren problema. Neurketak emaitzari eragiten dio.
Bi zirriztuetatik pasatzean, elektroia bi egoeren gainezarpen batean (superposition batean) dago. Zirriztu batetik pasatzen da/ez da pasatzen. Hemendik, dena eta ez denaren interpretazioa. Segurolaren ustez, elektroia zirriztu batean da eta ez da. Zirriztu bakoitzean ikusteko probabilitatea uhin-funtzioaren araberakoa da. Schrödingeren ekuazioak uhin-funtzioaren denboran zeharko bilakaera deskribatzen du.
Goazen orain, emeki-emeki, iruzkin batzuk paratzen.
1. Neurketaren problema ebakiduraren arazoa da, hau da, behatzaile eta objektuaren arteko ebakidura (Schnitt) zehatz bat egiteko zailtasuna.19 Bi Zirriztuen Experimentuan, partikula zein zirriztutatik pasatzen den ikustean, partikula honen portaera aldatzen du behatzaileak. Hemen ez dago behatzaile idealik, hau da, objektua ukitu gabeko neurketarik. Aldiz, neurketak neurtutakoari eragiten dio.
2. Behatzean gertatzen dena azaltzeko gutxienez hiru interpretazio ezberdin badira.20 Hedatuena, Kopenhageko interpretazioa da. Horren arabera, partikula behatzean, uhin-funtzioa kolapsatzen da. Partikula ez behatuz gero, berriz, uhin-funtzioak dirau, eta funtzio horrek definitzen duen probabilitateen araberakoa da portaera. Bigarrena, mundu anitzen interpretazioa da.21 Honen arabera, behaketa egin baino lehen partikula bi tokitan bada aldi berean. Behaketa egiten denean, mundua bereizi egiten da (split) eta bi mundu agertzen dira, alegia, neurketaren emaitza bakoitzerako mundu bana. Hirugarren interpretazioa da Bohmen aldagai ostenduen teoria.22 Honetan, partikularen portaera ikustezina den gain-orden batek agintzen du.
3. Zenbait unetan ematen du Segurolak Kopenhageko interpretazioaren alde egiten duela.23 Neurketa egin baino lehen, partikula den eta ez den batean dago. Neurketa egin eta gero, uhin-funtzioa desegiten da eta partikularen egoera ezartzen da: gatzatzen da. Den bat bihurtzen da. Orduan, mundua determinatuago dago.
4. Horrela ikusita, Kopenhageko interpretazioa dena eta ez denaren aldekoa da. Gainontzeko bi interpretazioak ez dira dena eta ez denaren horren zaleak. Har dezagun mundu anitzen interpretazioa. Honen arabera, uhin-funtzioak (probabilitateen bitartez) deskribatutako egoera guztiak badira, neurketa egin baino lehen zein neurketa egin ondoren. Neurketak, hortaz, mundua bereizten du (split). Neurketa egin eta gero mundu gehiago badira. Interpretazio honi badenatik (eta ez dena eta ez denatik) datorkio funtsa. Interpretazio honek ez du esaten ezerezatik (ez den batetik) mundu berriak sortzen direla, baizik eta baden mundua bereizten dela. Ez dut uste Segurola jakinaren gainean ez denik, eta ez dut uste honek gogo zaharraren kontra bereziki arriskutsua denik. Azken batean, bigarren transformazioa etengabea da, inoiz burutzen ez dena.24
5. Halaber, neurketaren problemari beste ikuspuntu batetik begiratzea (edo aditzea) ere bada. Lehenik eta behin, neurketaren problema ez da fisika (edo, oro har, jakintza) kolokan jartzen duen arazo bat. Hasieran, apika, hori bazen. Orain, problema otzandu bat ematen du. Hemen, “otzandu” hitzak zera esan nahi du: fisikariek ez dutela oraindik ebatzi, baina horrekin lasai-lasai bizitzen ikasi dutela. Operazionalki mekanika kuantikoak ongi funtzionatzen jarraitzen du. Eskuran den tresnarik zehatzena da.
6. Kopenageko interpretazioa hartuta ere, neurketaren problemari aurre egiteko oso garrantzitsua da gatzatze horretan zer gertatzen den jakitea. Azkenean, uhin-funtzioaren kolapsoan gertatzen dena gatzatze bat da, determinatze bat, den bat. Ondorioz, bi aldeetan, aldi berean, ibili behar dugu.25 Anka bat dena-eta-ez-denaren aldean behar da, kolapsoa gertatu baino lehen gertatzen dena kudeatzeko. Bestea, berriz, denaren aldean behar da, kolapsoan gertatzen den gatzatze hori kudeatu ahal izateko.
7. Nire uste apalean, honek zera diosku T1 eta T2 transformazioei buruz: errealitatea jarraitu ahal izateko, bi transformazio horiek etengabeak direla eta, seguru aski, bi norabidetakoak. Hau da, gai-tik gauza-ra eta gauza-tik gai-ra. Eta dena-tik dena-eta-ez-dena-ra baita dena-eta-ez-dena-tik dena-ra.
Azken ondorioak
Honaino labur-labur esan beharrekoak Sed quia suaren inguruan. Analisi honetan, lan izugarri honen ideia batzuk, niretzako inportanteenak direnak, hartu ditut kontuan. Horixe besterik ez. Horien artean, bi ideia poteretsu (eta ez pottolo) nabarmendu ditut. Alde batetik, gaia eta gauzaren arteko lehia. Bestealdetik dena eta ez denaren ikuspegi ezbaikaria. Bi Zirriztuen Experimentua ulertzeko ikuspegi ezbaikaria baliotsua da, batez ere interpretazio baten arabera (Kopenhagekoa, alegia). Neurketaren problema ongi ulertzeko eta aztertzeko, aldiz, ikuspegi zabalago bat beharrezkoa da.
Euskarak zer dioen aditzean, errealitate osorako balio duten ondorio handiak ateratzen dira Sed quia suan. Gai/gauza askoz gehiago badira lan honetan (Oteizaren hustearen berrikuspena, iritziari buruzko hausnarketa, eta abar luze bat). Segurolaren ekarpena ikaragarria da, alimalekoa. Behar den arreta jarriko ez bagenio, hanka-sartzea tamainakoa izango litzateke.
Oin-oharrak
- Hizkuntzari aditzekoa, beraz, gure aukera. (Segurola 2020: 39). Zergatik aditu mezurik ez bada, zarata besterik ez bada? Segurolaren hastapena, argi eta garbi, ikuspegi hermeneutikoan dago. Hala ere, haren garapenak ez du mugarik, eta aditutakoaren irekitasuna onartzen du (alegia, hermeneutikaz haratago). ↩︎
- Gogoa eta hizkuntza ehunduta daude. Gogotik hizkuntzara, Saussurek errana: Grâce à eux, on ne vit plus dans la langue un organisme qui se développe par lui-même, mais un produit de l’esprit des groupes linguistiques. Hizkuntza gogoaren ekoizpen bat da (Saussure 1975 :19). Kontrako norabidean, hizkuntzatik gogora, Shapir-Whorfen hipotesia, hau da, hizkuntzen egiturak giza-taldeen ulermena eta zentzumena baldintzatzen duela aldezten duen hipotesia. ↩︎
- Piarres Xarritonek “gogo” hitzaren polisemiari buruzko hausnarketa ekartzen du Segurolak: [G]ogo hitzean: «ce mot unique peur désigner en basque toutes les facultés de la psyché» […]: «1. pensée» (gogoan darabil), «2. appétit, envie, désir» (ez dut gogorik; ikusi gogo dut), «3. souvenir» (gogoan dut), «4. volonté» (gogoz kontra; gogo onez), «5. intention» (ez dut egiteko gogorik) eta «6. esprit» (hura beti egongo da gure gogoan). (Segurola 2020: 51-52.) Erne! Segurola erabiltzen ari den gogo konzeptua ez da batere substanzialista! ↩︎
- Operatibismoan eta positibismo logikoan zuztartuta dago MH ideia hau. Feyerabendek positibismo logikoaren kritika zorrotza egin zuen, haren ustezko objektibotasuna zalantzan jarriz. Segurola kritika-ildo zorrotz honekin lerratzen da. ↩︎
- Ikus. neurketaren problema edo measurement problem. ↩︎
- Ideia honen aurrekari batzuk. Esplizituki, Karl Polanji antropologoaren The great transformation eta Orixeren gertatze(n)a. Inplizituki badira bestelako aurrekariak, esaterako, Nicholas Rescher-en errealitatearen konplexutasuna edota prozesu filosofia. ↩︎
- Segurola (2020: 68) ↩︎
- Agitzen dena, gertakaria, gauzen egoerak izatea da. Alvarez Santa Cristinak horrela itzuli zuen Wittgensteinen 2. paragrafoa (Alvarez Santa Cristina 1990: §2) ↩︎
- Ikus. Yabloren distinzioa, determinagarri eta determinatu-ren artekoa. ↩︎
- Hainbat tokitan. Esaterako, Segurola (2020: 86). ↩︎
- Beste bat: Agirre Asteasukoak (III, 413): Aur denboran griña nagusienak izan oi dira geldirik ezin egona, erausia, enbidia. Gaztedasunean arrokeria, batetik bestera ibiltzea, dana, ta ez dana arduragabe gastatzea, apaindu naia, ta jolas, ta atsegiñ txarren gura. ↩︎
- Beste behin, MH ideiaren kritika zorrotza. Beste behin ere, bi exenplu. MHren aldekoa, Wittgenstein1: Das Bild stellt sein Objekt von außerhalb dar (sein Standpunkt ist seine Form der Darstellung), darum stellt das Bild sein Objekt richtig oder falsch dar. Irudiak kanpotik antzezten du bere objektua (bere ikuspuntua bere antzezte-forma da), honexegatik da, hain zuzen, irudiak zuzen ala oker antzezten duela bere objektua. (Wittgenstein 1922: §2.173; Itzulpena Alvarez Santa Cristina 1990). MHren kontrakoa, Wittgenstein2: Die Bedeutung eines Wortes ist sein Gebrauch in der Sprache. Hitz baten esanahia hizkuntzan egiten den erabilpena da. (Wittgenstein 1953: §43). Postdata: Nahiz eta MHren eredu garbia izan, Wittgensteinek1, ontologikoki, halako jarrera aberatsa badu. Mundua gertakariak dira, hau da, gauzen egoera izatea da (§2). Errealitatea, berriz, gauzen egoera izatea eta ez-izatea da, hau da, gertakari positiboz zein negatiboz egina dago (§2.06). ↩︎
- [G]ogo garaile/garaituan, dena da guzti-osoaren izen ofiziala. Eta lekukotasun idatzi gehien-gehienak ere horren alde […] mintzo dira. Badaude, ordea, […] antzinako/benetako e-gogoaren aztarna garbiak, […] ihes egiten asmatu duten […] lekukoak. Segurola (2020: 122). ↩︎
- Horren islada da filosofia analitikoan suertatu zen ekintza negatiboen existentziaren gaineko eztabaida. Ikus. Armstrong (2004, bereziki bostgarren kapitulua). ↩︎
- Jakintza da «jakin eta frogatu» (laborategian nahiz bizitegian: komenientzietara frogatu beti ere); jakinduria da/zen «probatu eta jakin» (nonahi eta zernahitan). (Segurola 2020: 179). ↩︎
- Ondorengo hau kontatzen da behin nonbait gertatua bezala. Nere irudipena da hau nonahi eta noiznahi gerta litekeela eta gertatu izan dela. Jende sendoaren ahotan irudikatzen dut galdera: gogoz, sendo, hitzez zuhur, jakinduriaren ume argi.
«Baserritar batek» (bo, hola kontatu zidaten neri) nonbaitetik pasa behar eta txakurra traban, eta tankera onik hartu ez nonbait, eta ez nahi haren ondoan suertatzerik, zer gerta ere. Txakur-jabea ohartu da, eta: «lasai, ez dik ezer egiten!» Eta ustezko baserritarrak: «beak esan al dik?». (Segurola 2020: 174). ↩︎ - Ceteris paribus edo “gainontzeko guztian berdin” kondizioa izendatzeko Segurolak bi esamolde pottolo xamar asmatzen ditu, alegia, besterikgabekotasuna eta berehorretantza. Ikus. Segurola (2020: 180). ↩︎
- Sentipentsatzearen konzeptuak eta Zubiriren “Inteligencia sentiente”-k elkarren antza badute. ↩︎
- Hau da von Neumannen interpretazioa neurketaren problemaren inguruan (von Neumann 1955). ↩︎
- Albert (1992). ↩︎
- Everett (1957), de Witt (1970). ↩︎
- Bohm’s hidden-variable theory. ↩︎
- Ez behatu ezkero, posibilitatezko uhinak: gaitasunezkoak; behatu ezkero, gauzatze bat, gauzagogortze bat. […] Batean, aukera azkengabeak, dena eta ez dena, edo direnak eta ez direnak; bestean, behatzaile batek –egite/eragite/aldatze batek– izanarazten du gauza bat, den-ki bat (Mekanika kuantikoaren interpretazio ortodoxoenetatik ari gara, ustez behintzat.) Zer dago behatzerik gabe?, eta ez dago erantzunik; ez dago ezer (jakinik). (Segurola 2020: 172). ↩︎
- Bohmen aldagai ostenduen interpretazioa ere, denazale xamarra da, ostendu dena (eta ez ez dena) kontuan hartzen baitu. ↩︎
- Bi aldeetan ibili beharra daukagu noiz-nolakoan, ugaraxoaren triskea lako ibilkera batean: «lehorrerean hezera». (Segurola 2020: 16). ↩︎
Izugarri ona, mila esker!
Artikuluan, Enrike Aramendiak Iñaki Segurolaren liburuaren azterketa egiten du, euskal hizkuntza eta gogoaren bilakaera ardatz harturik. Segurolak hiru transformazio nagusi identifikatzen ditu:
1. Gai-tik gauza-ra: Hizkuntzaren erabilera eta izendapen moduen aldaketa.
2. Dena eta ez dena-tik badena-ra: Ontologiaren eta izendapenaren arteko dinamikak.
3. Jakinduria-tik jakintza-ra: Jakintzaren eta ezagutzaren arteko harremanen bilakaera.
Gainera, hizkuntzaren eta munduaren arteko elkarreragin etengabea nabarmentzen du, baita mekanika kuantikoaren kontzeptuekin ere lotzen ditu bere teoriak, errealitatearen eta hizkuntzaren ulermen konplexuak agertzeko.
Ondorengo galdera luzatu nahi nuke:
Segurolak aipatutako hiru transformazio hauek—gai-tik gauza-ra, dena eta ez dena-tik badena-ra, eta jakinduria-tik jakintza-ra—nola eragiten dute eguneroko euskal hizkuntza praktikan?
Zehazki, nola islatzen dira transformazio hauek eguneroko elkarrizketetan edo idazkeran? Adibide praktikoak eskaini al ditzakezu?
Mila esker Enrike, zure ekarpena oso baliagarria izan da!
Esker anitz, Raul. Zure galderak oso egokiak dira. Segurolak ekartzen dituenak aldatzen(n)ak dira, euskal hizkuntzan eta euskal gogoan etengabe gertatzen ari diren transformazioak. Hortaz, gure egunerokotasunean aldaketaren eta lehengo esamoldeen aztarnak aurki ditzakegu. Ni ez naiz hizkuntzalari, baina baten batzuk aipatzen saiatuko naiz.
Lehenengo transformazioari dagokionez aztarnarik garrantzitsuena dago egoeren nondik norakoei buruz galdetzeko. Zergatik edo zergaitik esaten da. Zer dela eta ari bagara, g(k)auza bati buruz ari gara, objektu baten xerka. Zergaitik ari bagara, gaitasun bati buruz ari gara, ahaltasun baten xerka. Gauza eta gai horien lotura nabarmena da (ez naiz gauza aurpegira esateko). Beste aztarna bat, pertsonak deskribatzeko erabiltzen den “-tzekoa da” esamoldea da. Adibidez: ixila da->ez da (asko) hitzegitekoa, baketsua da->ez da (erraz) haserretzekoa. Objektuak haren erabilpenarekin ere izendatzen da: kortxo-kentzekoa, probatzekoa. Materia “ekai, izangai edo lehengai” da. Horixek dira lehendabiziko transformazioaren aztarnak.
Bigarren transformazioari dagokionez, estilo ezbaikariaren zenbait arrastok diraute. Jende ororen adostasuna ez duenari eztabaida esaten diogu. Zuhurtziaz jokatzeko, badaezbada esaten dugu, eta ez kasua bada edo kasua ez bada, esaterako. Guztiaz mintzatzeko, testu zaharretan (baita ez hainbestekoetan ere), diren eta direnez aritzen gara, dena eta ez denaz.
Kaixo Enrike,
Mila esker zure azalpenengatik; oso interesgarria iruditu zait Iñaki Segurolaren teoriak nola islatzen diren gure eguneroko hizkuntzan. Zure azterketa irakurri ondoren, hizkuntza eta gogoaren bilakaera ulertzeko modu berri bat eskaintzen diguzu, eta horrek nola eragiten duen gure eguneroko elkarrizketetan eta pentsamoldeetan hausnartzera bultzatzen nau. Ziur nago zure ikerketa asko lagunduko duela euskal hizkuntza eta kultura hobeto ulertzen jarraitzeko.
Berriro ere, eskerrik asko zure ekarpenagatik eta zure denbora eskaintzeagatik.
Ondo izan,
Raul