Judizio, epai, iritzi (sed quia sua II)

Judizioa zer den ederki argi azaltzen du Kantek Kritik der Ursteilskraft-en hasiera-hasieratik: partikularra unibertsalaren parte bezala pentsatzeko ahalmena. Hortaz, bi judizio posible dira. Batetik, unibertsala emana bada (erne!, emana=datum), orduan judizioa determinagarria da (bestimmender Ursteilskraft). Adibidez: gorria kolore bat da, Frantzia mehatxu bat da gurean, liburutto haur da emazurtza. Bestetik, unibertsala emana ez bada, eta partikularra emana bada, orduan judizioa islagarria da (reflektierender Urteilskraft). Adibidez: Tximuak pertsonak bezala dira, Zu izan zara Echaus, mendi Pirinioetan, Alduideko hegaletan, bethiere zentinela, eta begiraille bezala, iratzarririk. (Stevie Wonder judizio islagarri latzetan aditu nahi izanez gero, sakatu hemen).

Judizio hitza erabili ohi da alemanierazko Urteilskraft hori euskaratzeko. Hala da Azurmendin edota Uribarrin, eta tradizioa eta pisuzko arraoiak alde dituzte, noski. Alta, komeni da gogora ekartzea epaia-ren euskal konzeptua hantxe gordeka dagoela: judizio bat egitea, partikularra parte bezala hartzea, beti epaitzea da, kimatzea, axola ez zaiguna kendu eta axola zaiguna gorde. Judizio islagarriak ere horrelakoxeak dira.

Nola islatzen da partikularra unibertsalean euskaraz? Iñaki Segurolaren arabera -tzat horren medio. Tzat-atzea da judizio islagarriak egiteko gure modua. Norbait begiraletzat, mehatxutzat edo areriotzat hartzea norbait (partikular bat) tzat-atzea da.

Hortaz Segurolak hirugarren konzeptu bat eskaintzen digu, hots, iritzia. Iritzia judizio islagarria da, tzat-atzeko modua. Eta batzutan modu sinplifikagarri xamarra, on-tzat edo txar-tzat irizten bada. Horregatik halaxe dio berak: Nahiago nuke iritzia agertzeko eskubidearen tokian egia esateko eskubidearen alde egingo balute (30. or). Baina egia esatea ere judizio bat da, determinatzeko modua. Eta horretan ere adarrak kendu behar ditugu. Horretan ere, epai.

5 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x