uste/ezuste/huste (sed quia sua I)

Sed quia sua-n Jorge Oteizaren haritik tiraka, Iñaki Segurolak euskaraz euskarak hots propioa ote duen aztertzen du, ironia zorrotz eta maltzurkeriaz. Nik, tentuz eta txintxoz irakurtzen diot, baina erdia besterik ez darrapat. Maila altua ba ote eta nik, eskas xamarra. Hala ere zenbait gauza argi ditut. Hasteko, hantxe badirela, behinik behin, bi ideia txit eraginkorrak eta beste asko oso interesgarriak. Eta hori ikaragarri estimatzen da, ironia arrastorik gabe. Bigarren, ideia horiek esaten ahal direla hitz gutxiagotan eta argiagotan ziur aski. Idatz-puska errenkada honen helburua, ideia horiek xehe-xehe egitea, olgetazkoa irazi eta benetazkoa bahetzea da. Txistea azalduko banu, ez zen txistea izanen… Orain txisteak zapuzteko makina martxan jarri behar dugu. Barkatu aldez aurretik.

Goazen harira. Zeharkako ideia erakargarri batekin hasiko naiz: uste/ezuste/huste. Hola dio Segurolak ( 16. o):

Nere ustez eta nere hustez, eta ezustez ere bai pixkat, e-estiloa [euskal-estiloa] bada aldez zoro-nahasia, baina ez erabat, zeren aldez zuhur-sendoa ere bai baita, eta bi iturri horietatik edatera jarria dago.

Lehenik eta behin, hemen Segurolak luzatzen digun hitz-jokoak Derridaren différance eta différence horren antza badu. Jakina denez, Derridak eskaintzen diguna zera da, idazten den eta ahoskatzen ez den ezberdintasun bat. Euskeraren ahozkotasunaren garrantzia kontuan hartuta, Derridaren hitz-jokoa horrela euskara liteke: nabardura/ñabardura. Bada, uste/huste horretan gramatojoko bat badugu: nabardura/ñabardura bat, ahozkeran ez baina idazterakoan nabarmentzen dena.

Bigarren, bistan dago uste/ezuste/huste honetan, Hegelen metodo dialektikoan bezala, hiru momentu badaudela. Hegelen hiru momentuak esana, kontraesana eta biltzekoa/ezabatzekoa (Aufhebung) dira. Logika hiru-balioduenaz haratago (ikus Lukasiewicz, besteak beste), hemen ez gara ari hiru balioaz, baizik eta hiru mugimenduaz. Mila aldiz esanda ere, aski ez litzake izanen. M-u-g-i-m-e-n-d-u-a-z ari gara. (Hemen dio Hegelak berak, Shakespeareneratua). Demagun errepide bat zeharkatu behar dugu: albo batera begiratu, bestera, eta urrats bat eman. Logika hori konzeptu guztietan dago, konzeptu bakoitzak bere kontraesana dakar eta: izate/ezizate/bilakatze, bizi/ezbizi/biziraun…

Segurolan ere bai? Mugimendua gutxienez, izan, bada. Alta, uste/ezuste/huste honetan dagoen higidura ez da zehazki Hegelena. Lehen, uste dugunaren urratsa dator: zerbait espero da. Gero, itsumustuan, gertaera batek (matter of fact batek) jota, usteen ukazioak behartuta hartu beharrekoa: espero zen zerbait hori zapuzten da. Hirugarren (erne! hemen dator berrikuntza nagusiena), uste eta ezuste baten atzetik hustearen mugimendua: zerbait horrek huts batean uzten gaitu, baina huts agerikoa (ikusi hemen zer dioen Jorge Oteizak hutsaren inguruan). Toki berri batean gaude, zapaldu gabeko mendi-zolan, mendi-gainatik urrun, baina aitzinean daukaguna ikusgai da. Eta aitzina, euskeraz (aymaraz bezala) igaro da. Eta igaro denari so eginez (ez)ustea mamitzen da.

0 0 votes
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x