Kripkeren argumentu modala, ezin klaroago

Lehenago hitz egin dut Kripkeren argumentu modalaz, batez ere kritikatzeko, eta ez behin, baizik eta bitan. Orain konturatu naiz argumentua, berez, ez dudala ganoraz eta behar den moduan azaldu. Iruzkin honetan ahaleginduko naiz hortan, ahalik eta modu sinpleen, baina zailtasunei iskin egin gabe.1

Hasteko, argumentu modalak zertan dautzan azalduko dut. Gero zeren kontra doan Kripkeren argumento modal hau aipatuko dut. Ondoren argumentuaren mamia aurkeztuko dut, 7 urratsez. Bukatzeko, ondorio gixa zenbait komentario botako ditut. Artikulua luzea izanen ote den beldur naiz. Errazte aldera, grafikoki apainduko dut.

Argumentu modalak

Ingelez ikasi duen edonork jakinen du, ziur aski, zeintzuk diren aditz modalak edo modal verbs: can, could, shall, should, must, ought to, may, might. Haren taula famatuan (Kritik der reinen Vernunft: 130) kategoriak lau multzotan banatu zituen Kantek. Azken multzoak, modalitatekoak, hiru kategoria baditu: posibilitatea, existentzia eta beharrezkotasuna.

Argumentu modalak zera dira, gertaera baten posibilitate edota beharrezkotasunean oinarritutako argumentuak dira. Askotan, mundu posibleak asmatzen dituzte, gure munduan zer gertatzen den argitzeko asmoz. Hortaz, beti-beti joan-etorriko argumentuak dira. Horrek esan nahi du bi mekanismo argumental ezberdin antzematen direla:

  • Joana: mundu posible bat bururatzen da, non gertaera zehatz bat ematen den.
  • Etorria: balizko mundu hori oinarri hartuta, honako mundu honetako zerbait ondorioztatzen da.

Bi mugimenduko argumentuak dira, hortaz. Joanekoak besterik ez diren argumentuek ez dute balio. Zerriek hegan egiten duten mundu bat bururatzea ez du deusik esaten gure mundu honi buruz. Gure munduari buruz zerozer ondorioztatzeko argumentu zehatzak eta ongi pausatuak aurkeztu behar dira.

Argumentu modaletan honako proposizio hauek sarri aurkitzen dira:

  • Proposizio beharrezkoak: beharrezkoa edozein mundutan. Adibidez: A: “Hiruki baten hiru angeluen batura 180º da”
  • Proposizio kontingentea (edo ezbeharrezkoak): mundu honetan gertatzen da, baina beste mundu batean posible litzake ez gertatzea. Adibidez: B: “Gavrilo Princip-ek Franz Ferdinand hil zuen”
  • Proposizio a priori: ez dugu experientziarik behar egia dela jakiteko. Adibidez: A da beharrezkoa eta a priori.
  • Proposizio a posteriori: experientziak esaten digu egia dela. Adibidez: B da ezbeharrezkoa eta a posteriori.

Hona hemen zenbait argumentu modalak: San Anselmoren jainkoaren existentzia argumentua, David Chalmers-en argumentu zonbia, edo Kripke-ren fisikalismoaren kontrako argumentua. Kripkeren argumentuan zerbait xelebre xamarra agertzen da, hain zuzen, proposizio beharrezkoak a posteriori. Kasu! Berehala agertuko zaizkigu eta.

Fisikalismoa

Kripkeren argumentuak fisikalismoaren kontra egiten du. Zer da, ba, fisikalismoa?

Pasa den mendearen erdian konduktismoa (edo behaviourism) zen korronte nagusia psikologian. Konduktismoak muga nabariak dituela kezkaturik, Australiako filosofo talde bat (Smart, Place eta Armstrong, besteak beste) ahalegindu zen beste aukerak bilatzen. Kondustismoaren arazo handi bat zera da, sensazioen muin kualitatiboa. Bada zerbait plazerra edo mina sentitzen dugunean. Zerbait hori azaldu behar da. Tamalez, horretarako konduktismoak ez dut tresna handirik eskaintzen.

Smart eta Place-n proposamena guztiz materialista da: mina eta plazerra prozesu neurofisiologikoak dira. Aukeratutako leloa honako hau da: “mina= C-zuntzen aktibazioa”. XXI. mendearen ikuspuntutik begiratuta, neurologia eskasa! Esan dezagun, ba, hobeki: “mina= prozesu neurofisiologiko zehatz batzuk”. Alegia, kimika besterik ez gara.2

Horra fisikalismoa. Edo, gutxienez, Kripkeren begipuntuaren xedean duen fisikalismoa.

Fisikalismoaren kontrako argumentu modala

Dagoeneko gauzak sinpleak mantendu dira. Orain, berriz, ezinbestekoa dugu bi konzeptu berri sartzea: bururagarritasun ideala (ideal conceivability) eta designatzaile zurruna (rigid designator). Erne, gaia zailtzen hasiko da eta. Zazpi urratsetan aurkeztuko dugu, ezin klaroago. Rene Lavandek zioen moduan, ezin mantsoago.

  1. Designatzaile bat errefentzia egiten duen izena da. Designatzaile zurruna zera da, edozein mundu posibletan, erreferentzia berdina duen designatzailea (haren erreferentzia existitzen baldin bada). Bi ideia nagusi designatzaile zurruneen inguruan. i) Kripkerentzat, izen propioak designatzaile zurrunak dira, hau da, “Aristoteles” izenak edozein mundutan erreferentzia berdina badu, alegia, Estagiran jaio zen filosofoa, Nikomako aita zuena, eta abar. Zergatik ote? Posiblea den edozein mundu gure mundu honetatik bururatutako mundua delako. Eta gure mundu honetatik beste mundu bat bururatzeko, balio duten erreferentziak behar ditugulako. ii) Edozein izen a, b hartuta ere, a eta b designatzaile zurrunak baldin badira, orduan mundu batean a=b ematen bada, edozein beste mundu posiblean a=b emanen da. Adibidez, “Phosphorus” eta “Hesperus” gauza bera designatzeko izen propioak dira. Biek artizarra designatzen dute. Mundu honetan Phosphorus= Hesperus. Hortaz, edozein beste mundutan, Phosphorus=Hesperus ematen da. Ondorioz, “Phosphorus=Hesperus” proposizio beharrezkoa da (edozein mundu hartuta ere, ematen dena). Beste aldetik, Phosphorus eta Hesperus gauza bera dela badakigu experienziagatik (lehen uste genuen bi izar ezberdin bazirela, baina astronomiak irakatsi digu planeta berbera direla, hau da, Venus/Artizarra). Hortaz, “Phosphorus=Hesperus” proposizioa beharrezkoa eta a posteriori da.
  2. Bururagarritasun ideala, zera da, gure mundu honetatik, guk gizaki gixa ditugun mugak izan gabe, mundu posibleak bururatzeko gaitasuna. Bururagarritasun idealak bururatzaite ideal bat behar du (an ideal conceiver).
  3. Kripkerentzan, genero naturaleko izenak (ura, zura, oxigenoa, H2O…) designatzaile zurrunak dira. Edozein mundutan, gauza bera designatzen dute.3
  4. Zientziak dio ura H2O dela. “Ura” eta “H2O” genero naturaleko izenak dira, hau da, designatzaile zurrunak. Hortaz, “ura=H2O” proposizio beharrezko eta a posteriori bat da. Beste aldetik, fisikalismoak dio mina prozesu neurofisiologiko bat badela (dei iezaigun “ProzNeur(P)”). “Mina” eta “ProzNeur(P)” genero naturaleko izenak dira. Hortaz, “mina=ProzNeur(P)” mundu honetan ematen bada, orduan proposizio beharrezkoa da.
  5. Hala ere, ematen du “ura=H2O” eta “mina=ProzNeur(P)” proposizioak kontingenteak direla. Hau da, posiblea da proposizio horiek egia ez diren munduak bururatzea. Nola ote hori? Uraren kasuak azalpen bat onartzen du. “Urak” bi gauza ezberdin designatzen ditu. Alde batetik, ageriko propietate batzuk (kolore, usain eta zapore gabetasuna). Beste aldetik, zientziak emandako benetazko propietateak (H2O dela). Posiblea da mundu bat bururatzea non ageriko propietate horiek beste sustantzia batean (demagun, XYZ) ematen diren. Hortaz, “ura=H2O” proposizioak kontingetziaren antza onartzen du. Beste proposizioak (hau da, “mina=ProzNeur(P)”), berriz, ez du onartzen aurreko azalpenik. Minaren propietate guztiak agerikoak dira, hori baita minaren izaera, agerikoa izatea.
  6. Hortaz, “mina=ProzNeur(P)” beharrezkotasunaren antza eskatzen du, edozein mundu posible hartuta ere. Haatik, “mina=ProzNeur(P)” proposizioak kontingentea ematen du, hau da, idealki, posiblea da mundu bat bururatzea non mina ez den prozesu neuronal bat.
  7. Orduan, derrigorrez, hemengo mundu honetan ere “mina=ProzNeur(P)” ez da ematen. Beste modu batez esanda, fisikalismoa faltsua da.

Kritika

Aurreko argumentua joan-etorrikoa da. Bururagarritasun idealak egiten du joaneko lana. Designatzaile zurrunek (eta minaren ageriko propietateek) etortzeko lana egiten dute. Bi norabideek kritika onartzen dute. Hasteko, bururagarritasun idealaren ideia ongi garatua ba ote disputatu da. Bigarrenez, genero naturaleko terminoak designatzaile zurrunak ba ote diren disputatu da. Hirugarrenez, nondik ba ote propietate esentzial eta propietate agerikoen ezberdintasun hori!

Oin-oharrak

  1. Horretarako nagusiki bi iturri erabili ditut: Sebastian-en “El problema de la consciencia” eta Lycan-en “Consciousness”. Kripkeren argumentua “Name and Necessity” lan sonatuan agertzen da. ↩︎
  2. Fisikalismo mota honi identitatearen fisikalismoa esaten zaio. ↩︎
  3. Hau eztabaidagarria da. Lehenago ikusi dugu Genesian argia edo lux designatzaile zurrun bat dela. Beste genero naturaleko izen batzuk designatzaile zurrunak ba ote diren ikuskizun dago. ↩︎
5 2 votes
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
5 Comments
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Filosofikoa
Filosofikoa
11 months ago

Mila esker!! Kripkeren argumentu modala argiago daukat orain!!

Hala ere, zein rol egiten dute designatzaile zurrunek argumentuan?

Jon Mariezkurrena
Jon Mariezkurrena
9 months ago

Oso artikulu sakona Enrike, Zorionak! 

Zure ustez fisikalismoaren kontrako argumentu modala nahikoa da bertan behera uzteko?

5
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x