Davant/Matalaz afera: tradizioak, mitoak eta berri zaharrak

“Matalaz/Lertxundi” ikusi ohi dugu Matalaz abesti sonatuaren egileak zeintzuk ziren begiratuz gero. Haatik, mendi erdi baten bueltan, Jean-Louis Davantek aitortu du publikoki Matalazen azken hitzak berak asmatuak direla, txikitatik, ikaslea zela, 1956an, eta “hutsa hastean” egin zuela lehenago ez esateagatik. Ohikoa da jabetza intelektualaren aldarria (nork berarena edota besteena ere). Ez ordea, jabetza horri uko egitea, ez bada lotsaz edo asmo gaiztoz egindako zerbait. Matalaz poema ez da lotsatzeko ez asmo gaiztoz egindako gauza bat. Zergatik gorde isilean?

Davanten erantzuna ezagutzea arras egokia litzateke (hori bezalakorik ez dago!). Baina nago honek gure (eta, orohar, kultura guztien) tradizio eta ohiturei buruzko informazioa ematen digula. Hiru ataletan aztertuko dut hemen. Lehendabizi, Matalazen afera zen den. Gero, isilpeka gordetzeko horrek zer esaten digun. Bukatzeko, hemen zer gertatu den azaltzeko lagun lezakeen konzeptu bat aipatuko dugu: mito-sinbolo konplexua.

Afera

Aski ezaguna zaigu Matalaz-en istorioa. XVII. mendean Mitikileko erretorea zen Bernard Goihenetxe, Matalaz ezizenez. Errege eta jauntxoen ondasun publikoarekiko politika xelebre eta alderraia zela eta, Matalazek 7000 laborari zuberotarren altxamendua gidatu zuen, 1661an. Lau hilabete eta gero altxamendua menderatu egin zen, eta Lextarreko “khürütxe xürian” Matalazi lepoa moztu zioten.

Horren ezaguna ez da Matalaz poema nola sortu zen. Hona hemen labur-labur jasoa:

  • 1956ko udan Davant ikaslea Beñat Artegiet Mitikileko apezaregan joan, eta honetatik jasotzen du Matalazen ustezko azken hitzak: “Dolü gabe hiltzen niz, bizia Ziberoarentako emaiten baitüt. Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko Ziberotarrak, egiazko Eüskaldünak, frantses zorrikeria horren ohiltzeko eta gure aiten aitek ützi daikien lurraren popüliari erremetitzeko!“.
  • Davanti hitz horiek ezegokiak iruditu edo, eta “frantses zorrikeria hori” ordez “tirano arrotzak” jartzea erabakitzen du. (Geroztik damutu zen, jauntxoak zuberotarrak zirela konturatzean).
  • 1970an Davantek Histoire du peuple basque le peuple basque dans l’histoire argitara ematen du. Hantxe, estreinako aldiz, Matalez-en azken hitzak jasotzen dira. Davant hitz hauen benetazko jabetzaz isilik egoten da, argitasun handirik eman gabe: “C’est du moins ce que nous rapporte la tradition orale“.
  • 1981an Benito Lertxundik poema jasotzen du Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diskoan. Abestia hola sinatzen da: Matalaz/Lertxundi. Jatorrizko “tirano arrotzen ohiltzeko” hori “tirano arrotzen hiltzeko” bilakatzen da.1 Davant kexu agertzen da, oraindik ere jabetza aldarrikatu gabe.
  • 2023an, publikatu eta mende erdi bat geroago, hitzen desitxuratze etengabearekin asperturik, Davantek onartzen du berak asmatuak direla.2

Zergatik luzaro ixilik?

Ez naiz hemen kontu pertsonalez ariko. Davanten lan aparta zalantzan ez dago eta aldarrikatu eta, batez ere, irakurri behar da. Beste aldetik, Historialari baten ikuspuntutik, bistan da hemen arazo bat izan dela. Sarrera hau begirunez eta miresmenez egina dago, eta ez dut Davantek egindakoa jujatuko.

Baina afera guzti honek zerbait dio tradizio eta ohituren jatorriari eta etegabeko aldaketari buruz. Gainera, zenbait translazioen isla da: Matalazek esandako azken hitzen translazio librea (Artegiet/Davantek egina) eta poema baten translazio musikatua (Lertxundik egina). Blog hau translazioei buruzkoa izanik, bat-bateko hausnarketa batzuk paratzea egokia iruditu zait:

  1. Lehendabiziko hausnarketa zera da, invented traditions-en adibide argi bat daukagula hemen. Hobsbawn edo Trevor-Roper bezalako historialariek diote nazioa zein tradizioak nazionalismoak asmatutako gauzak dira. Kilt-a asmatuta dagoen modua, Matalazen azken hitzak inbenzio hutsa dira.3
  2. Analisi horrek egiatik zerozer baduela onartuta ere, bada zerbait berezia hemen. Nik, historialari ez naizenez, ez nuke sekulan Matalaz iturri historikotzat hartuko. Erromantikoxegia zait. Are eta gehiago, XVII. mendean erregistratzeko zailtasunak kontuan hartuta. Eta ez dut uste honetan bakarrik nagoenik…
  3. Kontraz, Matalaz arte espresio gixa hartu dut beti, ideia bat gordetzen duen poema eder bat. Eskola katoliko batean ikasi duen edonork uler dezake zertaz ari naizen. Biblia, egia literalak ez diren egia erligiosoez beterik dago, Genesiatik hasita.
  4. Hortaz, poema baten arrakasta eta ponpa ez dator soilik egia izatetik, baizik eta haren balio artistiko eta sinbolikotik. Eta oraingo aitortzak ez dio hori kentzen.
  5. Tradizioak berritzen dira. Ahozko poemak gertatukoaren lekukoa ematen digute. Matalaz poema existituko ez balitz, gutxiago jakinen genuke, ez gehiago.
  6. Sinboloen balioa ez da egia literala, baina sinboloek egia bat behar dute izan.
  7. Anonimotasunak eta herrikoitzeak sinboloen komunikazioari laguntzen diote. Ez da kasualitatea hori.
  8. Beste aldetik, hastean egia ez esateagatik, aurrerantzean hitzen manipulazioa salatzeko oztopo bat izan du Davantek. Desitxurak batek beste desitxura batzuen salaketa galarazten du.
  9. Oraingo aitortzak kate hori eten egin du. 4

Mito-sinbolo konplexua

Mitoa eta sinboloaren indarra —soilik— haren egiatasun literalean ez badago, zertan datza ba? John Armstrong politika ikerlari primordialistak kontzeptu interesgarri bat eskeini digu. Nations before Nationalism-en (1982) myth-symbol complex-a sartu zuen.5

Mitoa edukia da. Sinboloa medioa da, bitartekoa. Komunikazioak sinboloaren edapena da, zaharberritzen duena.

Matalazen altxamendua eta heriotza tragikoa mitoa da. “Matalaz” poema eta abestia sinboloak dira. Mito honen elibat mugarri komunikatiboak nabarmendu ditzakegu:

  • 1970an, lehendabiziko aldiz Davantek Matalazen azken hitzak argitara ematean.
  • 1981an, Lertxundiren abestia publikatzen denean.
  • Berdin-berdin Etxahun-Iruriren pastorala eta Imanol Oiarzabalen bertsioa.

Musikak, kasu honetan, mitoaren komunikazio etengabea errazten du.

Oharrak

  1. Ohildu (ip.)=uxatu. ↩︎
  2. Eta hainbat tokitan onartu ere: Haren Baskoniako notiziak iparretik ikusiak (2022: 280-281), Enbata aldizkariko chronique batean eta Berria egunkarian egindako elkarrizketan. ↩︎
  3. Jakina denez, kilta Eskoziako gona tradizionala da. Hobsbawnek editatutako The invention of Tradition-en, Trevor-Roperek kilta asmakizun moderno bat besterik ez dela defendatzen du. ↩︎
  4. Esanguratsua ere, Davanten eboluzio ez historizista: 1972ko lanaren tituluak horrela dio frantsesez: “Euskal Herriko Historia”. 2022koa, aldiz, apalagoa da: “Baskoniako notiziak iparretik ikusiak”. ↩︎
  5. Nazionalismori buruzko beste ikuspuntu ez sustantzial baten bila, ikusi Imagined communities (Benedict Anderson 2006), eta haren ildotik (eta euskaraz!) Euskal Herri imajinario baten alde (Santi Leoné 2008). ↩︎
5 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
1 Comment
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Mutil
Mutil
11 months ago

Oso ona artikulua!! Eskerrik asko!!!

1
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x