Intro: zer da propietate bat?
Propietate bat zera da, zerbaiti buruz esan (predikatu) dezakegun zerbait. Horrela idazten da normalean, P(x), hau da, x-ren propietatea da P. Hortaz, propietateek bi osagai dituzte gutxienez: propietate bera (P) eta propietate horren gordailu edo gauza (x).
Hemen hasiko naiz iruzkin saila bat propietateen sailkapenari buruzkoa. Lehendabiziko hau intrinsekotasunari buruzkoa da.
Zer da propietate intrinseko bat?
Propietate bat x-ren intrinsekoa da baldin eta instantziatzeko x besterik behar ez badu. David Lewisek lau baldintza eskatzen dizkio P propietate bati x-ren intrinsekoa izateko:
(a) P x-ri buruzkoa da, eta ez beste ezeri buruzkoa.
(b) x-k P betetzen du bere ahalmenez, eta ez beste ezeren ahalmenez.
(c) P betetzea (hala ez betetzea) x-ren menpe dago, eta ez beste ezeren menpe.
(d) x-ren kopia perfektu bat eginez gero, kopiak P betetzeari eutsiko dio.
Adibidea: Gorputz baten masa gorputz horren propietate intrinsekoa da. Gorputz baten pisua, berriz, ez da propietate intrinsekoa, ezberdina baita lurran, Marten edo ilargian.
Eztabaida
Lewisek proposatu lau baldintzak gehiegizkoak dira. Apika, baldintza guztiak beteko dituenik ez dago.
Masa eta pisuaren adibidea, esaterako, oso zalantzazkoa da. Azken batean, masa zehatz bat edukitzea ez da gorputzari besterik ez dagokion zera bat. Aldiz, beste zera batzuen menpe egon daiteke, energiaren transferenziaren menpe, adibidez. Beste aldetik, Higgs-en bosoiaren deskubrimenduak iradokitzen du masa izateko beste zerbait behar dela, hau da, bosoia.
Lewisek berak propietate kontraesankor bat proposatzen du, alegia, bakartasuna. Gauza batek bakartasuna izatea beste gauzen menpe dago, hau da, beste gauzen faltan. Berdintsu propietate negatiboekin. Aberririk ez izatearen propietatea aberririk ez existitzearen edota existitzea baina arrotzak izatearen menpe dago.
Bukatzeko, ezin dira parekatu berezkotasuna eta intrinsekotasuna. Hona hemen arrazoia: gauza baten berezkotasuna (besteei) ematea izan daiteke. Esaterako, haize zirimola batek, berez, ematen du. Ez da txantxetako kontua. Zubirik errealitatea intrinsekotasun osoa hautsiz definitzen du. Honen arabera, errealitatea zera da: “berez eman” edo “de suyo dar de sí”.
Horrexegatik, intrisekotasunaren ikuspegi deflakzionario bat hatzera bultzatuta gaude, eguneroko esanahiarekin lotuago dagoena. Horixe bera izanen da datozen sarreren hizpidea.