toki baino translazio bat
Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Iruñeko Olite kalean bazen autoentzako tailer bat, Argi-Leku izena zuena. Autoen behekoak ikuskatzeko hobi ilunak baziren hantxe, baita argi-zuloz jositako aldagelak goiko solairuartean eta hamar urteko mutil baten begietarako sobera egoki ez zen egutegi bat paretiltzaturik. Tailerra 1990ean itxi egin zen. Izenak dirau, ordea.
Blog honek, pentsamendu-lantegi gisan, zenbait ideia eta hausnarketa probatu, konpondu eta abiarazteko balio izanen du. Filosofia euskaraz jorratzen saiatuko gara, baina euskara ez da gai nagusia izanen, ezta filosofia ere. Gure leitmotiv-a translazioa izanen da. Itzulpena translazio mota bat da noski, hitz batetik bestera doana, baina ez da bakarra. Badira beste asko, haien artean kontzeptu, ideia edo arloen arteko translazioa. Hortaz, gaia ere ez da bakar bat izanen. Gauza anitzekin ibiliko gara. Translazio etengabe batean. Argi-ilunak izanen dira seguru aski: barkamena aldez aurretik. Prozesutan sartzen diren prozesuak gara. Baina prozesu mugatuak gara. Halaxe behar du izan leku honek ere.