Zer dira ‘partikularrak’ Peter Strawson-en metafisikan?

Hona hemen nire lehendabiziko filosofia-alea. Ale bakoitzean galdera bati erantzuten saiatuko naiz, beti ahalik eta azkarren eta eskema berdina erabiliz: (1) intro edo sarrera, (2) edukia edo galderaren erantzuna eta (3) kritika edo aspektu eztabaidatsuak. Has gaitezen!

Intro

Peter Strawson-en metafisika 1959ko Individuals idaz-lanan agertzen da. Hantxe, bi metafisika mota bereizten dira: metafisika deskribatzailea (descriptive metaphysics, Aristoteles edo Kant-en erara) eta metafisika berrikuskatzailea (revisionary metaphysics, Descartes edo Leibniz-en erara). Strawson-ek metafisika deskribatzailearen alde egiten du. Haren ustez, metafisikaren lanik garrantzitsuena zera da, munduari buruzko gure pentsamenduen egitura deskribatzea, eta ez beste egitura bat ekoiztea. Egitura horren oinarrizko elementuak partikularrak dira.

Hasteko zenbait ohar:

  • Zer da metafisika Strawson-en arabera? Deskribapen bat da.
  • Zer deskribatzen du metafisikak? Gure (gizakion) pentsamenduen egitura, hau da, munduari buruz ditugun pentsamenduen egitura. (Mundua da mundutzat hartzen duguna. Ontologia epistemologian oinarritzen da.)
  • Zeintzuk dira egitura horren oinarrizko elementuak? Partikularrak. Partikularren artean Strawson-ek lau goraipatzen ditu: gorputzak, soinuak, pertsonak eta monadak. Hauen artean, dudarik gabe, gorputzek eta pertsonek lehentasuna badute.

Zer da partikular bat?

Partikularrak (latinez particularis, munduaren parte txikiak) gauzak dira. Eta, zer da gauza bat izatea? Gauza bat izatea identifika daiteken zerbait izatea da. Identifikagarritasuna duenak izana badu. Horra, identifikagarritasuna (identifiability) Strawson-en kategoriarik garrantzitsuena da.

Nola lortzen da identifikazio hori? Strawson-ek identifikazioa izateko berme linguistikoa inposatzen du: hizlari eta entzule baten arteko komunikazioan. Eta sailkapen txiki bat proposatzen du:

  • Identifikazio erlatiboa (relative identification): kontakizun batean (eta ez munduan) oinarritzen den identifikazio bat. Adibidez: hizlariak dio: gizon bat eta ume bat iturrian ziren, gizonak trago bat hartu zuen. Entzuleak bigarren aldiz aipatzen den gizona aurrez kontatutakoaren arabera identifikatzen du.
  • Identifikazio osoa (full identification): munduan oinarritzen den identifikazioa. Hau ere bi motakoa izan daiteke:
    • Erakuslea (demonstrative): zentzumenez egindako identifikazioa, non entzuleak objektua zuzenki hautematen (eta kokatzen) duen. Adibidez: hau da Peruren etxea.
    • Ez-erakuslea (non-demonstrative): hemen entzuleak ezin du bere zentzumenez objektua kokatu, baina hizlariak partikularra era uniboko batean kokatzeko balio duen deskripzioa ematen du, eta deskripzio hori nahikoa da entzuleak bere inguruan objektua kokatu ahal izateko. Adibidez: Peruren etxea zure etxe zaharraren aurrean dago.

Identifikazioa gauzatzeko hizlariak eta entzuleak erreferentzia bera izan behar dute. Horretarako bien inguru espazio-temporalak berbera izan behar du. Inguru horretan erreferentzia berak zera da, kokapen espazio-temporal berdina izatea.

We can make it clear to each other what or which particular things our discourse is about because we can fit together each other’s report and stories into a single picture of the world; and the framework of that picture is a unitary spatio-temporal framework, of on temporal and three spatial dimensions. Hence, as things are, particular identification in general rests ultimately on the possibility of locating the particular thing we speak of in a single unified spatio-temporal systems.

Strawson 1959: 38

Haatik, identifikazioa normalean ez da nahikoa gauza bat baden bermatzeko. Beridentifikazioa behar da horretarako. Beridentifikazioa zera da, lehen aurkitu zen partikular bat gauza berbera gixa identifikatzea.

Zer ikusia du identifikagarritasunak izanarekin? Hona hemen Strawson-ek bi konzeptu pottolo (eta garrantzitsu) aurkezten dituela, hots, identifikagarritasuneko menpekotasuna (identifiability dependence) eta lehentasun ontologikoa (ontological priority). Bi konzeptu hauek elkar lotuak daude, Strawson-en ustez.

Identifikagarritasuneko menpekotsuna ulertu ahal izateko, lehendabizi jakin behar dugu munduan aurkitzen diren gauzak klase edo kategoriatan sailka ditzakegula. Adibidez, pertsonak kategoria bat da, zentzumen-datuak (sense-data) beste kategoria bat da, baita mendiak, etxeak, ibaiak ere. Gorputz materialak, berez, kategoria bat da. Har ditzagun bi kategoria, esaterako, α-kategoria eta β-kategoria. Identifikatzeko, β-kategoria, α-kategoriaren menpe baldin badago, ez da posible β-kategoria horretako erreferentzia bat identifikatzea ez bada α-kategoria horretako beste erreferentzia bati esker. Kontrakoa, berriz, ez da gertatzen. Hau da, posiblea da α-kategoriako erreferentzia bat identifikatzea β-kategoriako erreferentziarik gabe.

Adibide 1: edozein kategoriak gorputz materialen kategoriaren identifikagarritasuneko menpekotasuna badu. Adibidez, bi etxe berbera direla esateko, etxearen kokapen espazio-temporalari kasu egin behar diogu, eta hori gorputz materialen kategorian baieztatzen da.

Adibide 2: zentzumen-datuen kategoriak pertsonen kategoriaren identifikagarritasuneko menpekotasuna badu. Pertsona bera baden jakitean jakinen dugu ea zentzumen-datu horiek berberak diren.

Hona hemen guzti honen inguruan Strawson-ek botatzen duen tesi gogorra: identifikagarritasuneko menpekotasunak lehentasun ontologikoa ekartzen du. Hortaz, gorputz materialek edo pertsonek beste kategorien artean lehentasun ontologikoa dute. Hau da, haien izana lehena da.

Suposse, for instance, it should turn out that there is a type of particulars, β, such that that particulars of type β cannot be identified without reference to particulars of another type, α, whereas particulars of type α can be identified without reference to particulars of type β. […] The ability to talk about β-particulars at all was dependent on the ability to talk about α-particulars, but not vice versa. This fact could be reasonably be expressed by saying that in our scheme α-particulars were ontologically prior to β-particulars.

Strawson 1959: 17

Eztabaida

Strawson-en metafisikak kritika ugari jaso dezake, batez ere sustantzia-zale den heinean. Apika ezagunenak Rescher-ek bota ditu. Hona hemen batzuk.

(1) Identifikagarritasuna ez da beti izanaren markagailu ona. Rescher-ek kontradibide bat jartzen du. Serie-zenbakiak gauza antzekoak ezberdintzeko balio du, baina horrek ez digu izanari buruzko gauza handirik esaten. (Horren kontra, ingurune espazio-temporalaren garrantzia aipa dezakegu, baina…)

(2) Inguru espazio-temporala ez da beti izanaren markagailu ona, eta ez bakarrik gorputzarik ez duten elementuak izan daitezkelako (Strawson-en arabera kualidadeak, propietateak, zenbakiak eta espezieak ez dira partikularrak). Fisikan bertan ere, muturreko kasuak izan, badira. Adibidez, mekanika kuantikoan bi zirrikituen esperimentuan, fotoi baten kokapena superposizioan dago. Ez dago kokapen zehatzik, baizik eta ausazko bi kokapen. Hala ere, fotoia bat eta bakarra gixa identifikatzen da.

(3) Identifikagarritasuneko menpekotasunetik lehentasun ontologikorako jauzia gehiegizkoa da. Bi adibide, bat Rescher-ena, eta bestea nirea. Lehendabizi, astronomian izar ikustezinak izar ikusgarriei esker identifikatzen dira. Hala ere, ez genuke esanen izar ikusgarriek izar ikustezinen gaineko lehentasun ontologikoa dutenik. Bigarren, astrofisikan materia ilunaren berri antzeman dezakegun materiari esker dugu. Hala ere, zaila da pentsatzea materia iluna ontologikoki bigarren mailakoa denik.

(4) Orokorrean, Strawson-en ontologian rationis cognoscedi-etan oinarritzen da, hau da epistemikoa da. Hori ez da berria. No entity without identity, zionek Quinek. Baina halako jauzi bat zilegizkoa izateko argudio gehiago behar ditugu, Rescher-en ustez.

(5) Iñaki Segurolak gai eta gauza-ren artean ezberdintzen du, eta gai-en garrantzia azpimarratzen du. Strawson-ek berriz gauzaren alde egiten du nabarmen.

(6) Strawson-en identifikazio (eta identifikagarritasuna) konzeptuaren erabilera lehen konzeptuarena da (primitive-arena). Hala eta guztiz ere, ikusteke dago benetan lehen konzeptu bat izan daiteken ala ez. Baliteke identifikazio konzeptu hori beste batzuen menpe izatea. Estekaren problema (binding problem) izan daiteke horren exenplua. Estekaren problema, hain zuzen, identifikazioa azaltzeko arazo gixa har daiteke.

4.3 3 votes
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x