Gai edo galdera potolo batzuk (izatea zer den, zer jakin ahal dugun eta zer ez, zertan datza errealitatea eta zeintzuk diren haren oinarrizko blokeak…) haratago, filosofia errealitate osoa zipatzen duen zerbait delakoan badaude jendarte dexente sarean eta sareetatik at (Žižek agian goikasurik nabari eta nonahikoena). Errealitatea filosofiaz blai edo philosophy is in the air pentsamolde honi atxikiturik, dena da aztergai, dena hizpide, salbuespenik gabe. Ismo handietatik gertaera xumeetara.
Aldarte honetan jarraiki, orain zazpigarren denboraldia bukatzear dagoen Go!azen telesaila ospetsua (gure minieuskogizartean) aztertzeak ere merezi du. Eta eginen dugu tokiz-toki. Τόπος-ez τόπος. Hemendik aurrera spoliers esperokoak dira, naski!
Jantokia, jokaeraren laborategia
Lehenbiziko tokia, zama sinbolikoz betea gainera, jangela da. Jangela, igerilekua bezala, elkargunea da eta, hortaz, pertsonaia guztien eta Go!azeneko mikrogizadiaren kondukta-laborategia eta erakuslehioa. Jokaera guztiak probatzen diren agora. Nola antzezten dira jokaerak hemen? Mekanismo erraz bat aipatuko dut. Mekanismo honek gutxienez bi elementu ditu. (1): plazaratzea, hau da besteen aurrean aurkeztea. Jangelan erakusten du Danelek bere mugikor berria (bere altxor preziatuena), eta hantxe bertan Enarak aitortzen du bere amodio (eta sexu-joera) berria. (2): kategorizazioa. [Ohar bat: kategoriak zer diren azaltzeko modu asko badira. Nik metafora hau hautu dut. Imaginatu aspalditik itxitako gela bat. Imaginatu airean, ausaz, etengabe dabilen hautsa. Emeki-emeki, denboraren poderioz, hauts kaotiko hori pausatzen hasten da, nola eta altzairuen arabera. Altzairuak kategoriak dira. Pausatzeko erak.] Greziako agoran kategoriak akusazioak ziren. Jangelan jokaerak pausatzeko era asko badira, baina bi oso nabarmenak, nire ustez: onarpena eta gaitzespena. Bazterkeria eta gizarteratzea jangelan gorpuzten dira. Baina bada ere bizitza ospatzeko eta topa egiteko plaza.
Liburutegia, sekretuen gordelekua
Guztiz kontrajarria (eta hau ez da batere ausazkoa) badugu liburutegia. Denboraldi honetako toki berri bat da, oraino ikusi gabea (akaso, aurtengo berrikuntzarik handiena sinbolismoari dagokionez, behintzat). Gordeka ibiltzeko lekua da. Aurreko denboraldietan ez bezala (eta Psycho-n dugun leku-antolamendu hirukoitza ez bezala), ordea, toki hori ez dago sotoan, baizik eta goiko solairuan. Atalai batean ezkutatzen da Garazi, eta eskaileretatik behera erortzen da laranja salataria. Eta atalai hortako liburu baten orrialdeen artean gordetzen du Junek Igorrek ebatsitako dirua. Liburuak gordailuak badira, erakusteko baino ezkutatzeko balio dute. Poesia/Dichtung horren metafora zintzoa. Hermetismoaren urezko marka.
Zuzendariaren mahaia
Zuzendariaren mahaia toki magiko bat da, Frodo Baggins-en kaparen pare. Azpian paratzen den oro ikustezin bihurtzen da. Mahai hori bihurrikeriaren lurraldeko zentrogunea da, eta zerbait ikusi nahi ez duenak hara joan beharra du. Hortaz, toki honek adierazten du ezaguna egiten zaigun ezjakintasun mota berezi bat: jakin nahi ez duelako ez dakienaren ignorantia. Hau da, ignorantia pravae dispositionis.
Harresiak, mundua biltzen dutenak
Zerrenda labur hau amaitzeko, agerienetan ageriena, eta horrexegatik ikusgaitza da barrutia. Basakabiko mugak (mikro)mundu baten mugak ere badira. Harresiek dena biltzen dute bere besoetan. Ez dago haratagorik ala haratago lauso bat besterik ez dago. Bi gauza harresiez. Lehendabizi, Hierocles estoikoaren zirkulu zentrokideen inguruan (ez nahastu Hierocles esklabuarekin, hau da, Heliogabalo enperadorearen amorosa edo Heliogabalok zioen lez, nire senarra). Zirkuluen mugak marrazten dituzte harresiek: gu eta ezgu-ren mugak. Azalak ni eta ezni-ren mugak marrazten dituen moduan.
Bigarren. Bada halako elkar-deslotura bat harresietan. Alde batetik, barrukoa babesten dute (kanpotik barruko harresia). Beste aldetik barrukoa isolatzen dute (barrutik kanpoko harresia). Isolamendua ederki ongi islatzen du Enekoren irudiak, futbolean, bakartia, paretaren kontra pilotari ostikadak emanez. Babespena beste zera batean islatzen da. Kanpotik etortzen diren berriak urriak dira, ttanttaka datoz. Barrutik ulertzen dira. Ez kanpotik. Nola gainditu bi norabideko muga sinboliko horiek? Bestaldera pasatzea da modu bat. Bakar batzuk besterik ez dira ausartu. Garazi edo Gari bezalako pertsonai adoretsuak bere kabuz pasatu ziren. Nahia gaixuak, berriz, mugalari baten laguntza behar izan zuen.