Fiat lux: argia eta designatzaile zurrunak

Sarrera

Sed quia sua-n Iñaki Segurolak kezka teologiko bat azaltzen du: Jainkoak sortzen duen mundua ez dela zerotik datorren sorrera bat, baizik eta aldez aurretik egina dagoenari hel egite edo inbokazio soil bat. Hemen badoa, laburbilduta, haren argudioa.

a. Genesian (1:3) horrela esaten da: “Eta Jainkoak esan zuen: «Izan bedi argia». Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpeetatik: argiari «egun» eman zion izen eta ilunpeei «gau».

b. Hortaz, argia izan baino lehen, “argia” hitza bazen.

c. Izana baino lehenago izena bazen (edo izen batzuk, behinik-behin, baziren)

d. Hortaz, munduaren sorrera ez da ex nihilo egiten.

Labur-labur, orain argudio hau garatuko dugu, Kripke-ren designatzaile zurrunaren konzeptu eztabaidagarriarekin lotuz. Ondorioa zera da, designatzaile zurrunaren konzeptuak kutsu teologiko bat baduela, eta, bidenabar, sinesmen ere bada. Hiru pausotan emanen dugu halako garapena. Lehendabizi, Genesian agertzen den testuaren itzulpena bermatu. Bigarren, “argia” eta “eguna” ez direla mota berdineko izenak. Hirugarren, “argia” hitzak, Genesian agertzen den arabera, edozein balizko mundutan gauza bera designatzen duela. Hortaz, designatzaile zurrun bat bada.

Genesiaren hiru itzulpen

Genesiaren aipatu bertsetean agertzen denak frankoz itzupen zuzena badu, ekibokorik gabea.

Septugintan (hau da, greziera koiné-z egindako testu sakratuen lehenengo itzulpenean):

καὶ εἶπεν ὁ θεός γενηθήτω φῶς καὶ ἐγένετο φῶς

Clementina Vulgatan (hau da, 1592an ezarritako Vulgatan):

Dixitque Deus : Fiat lux. Et facta est lux.

Duvoisinek egindako eta Lucien Bonapartek hauspotutako bertsioan:

Eta Jainkoak erran zuen: izan bedi argia.

Euskarazko hurrengo itzulpenetan ez dago sorpresarik, eta Duvoisinenaren bide berean jorratzen dute (esaterako, Bibli Elkartearena).

“Argia” ez da izen bat soilik

Aurreko itzulpenetan, “argia”, “lux” edo “φῶς” ez dira izen arruntak, eta, bereziki, “eguna” edo “gaua” izenekin alderatuta, arras ezberdinak dira. Jainkoak erabakitzen du “eguna” edo “gaua” izen ematea, eta agian, beste izen batzuk aukeratzea bazuen.

“Argia” hitza, haatik, ez da erabaki bat. Hel egiten dio.

Argia esatean, argia egiten da. Hortaz, argia mundu bera baino aurrekoa da. Esatean egiten da.

Hortaz, edozein balizko mundutan, “argia” hitzak gauza bera esan nahi du. Ahozkatzean, haren logika suspertzean, argia egiten da. Jainkoak badu argia esatea ala ez esatea. Baina behin esanda, argia eginen da.

“Argia” designatzaile zurrun bat da

1972an Kripkek plazaratu zuen konzeptu bat, metafisikaren norabidea irauliko zuena, onera edo txarrerako: designatzaile zurruna-ren konzeptua. Designatzaile zurruna zera da: edozein balizko mundutan erreferentzia berdina duen designatzailea. Horrela emanda, konzeptua ez da batere makala. Bi designatzaile zurrun berdintzen duen esaldi bat, mundo batean egia bada, edozein mundutan egia izanen da. Hau da halabeharrez egia da, eta ez egia kontingente bat. Ergatiboki esanda, esaldi horrek egia behar du. Beti eta burura dezakegun edozein mundutan (nahiz eta a posteriori izan). Bi exemplu.

Demagun “Hesperus” eta “Phosphorus” designatzaile zurrunak direla. Biek Artizarrari erreferentzia egiten diote. “Hesperus = Phosphorus” halabeharrezko egia da.

Demagun “ura” eta “H2O” designatzaile zurrunak direla. Hortaz, “ura = H2O” halabeharrezko egia da.

Jainkoak, mundu egin baino lehen argiari hel egiten dio. Hel egitea erabakitzen du. Baina behin eginda, ez dago besterik. Argia eginen da eta ez lurra, sua edo gizakia.

“Argia” designatzaile zurruna da Genesian. Ez ordea “eguna” edo “gaua”. “Eguna” eta “gaua” izenak dira, mundu honetan eta modu arbitrario xamarrean jarriak. Haietatik ezin da halabeharrezko egiarik espero.

Eta bi ondorio

Izena eta izanaren arazoa, neurri batean, designatzaileen arazoa bada. Arazo metafisikoa. “Izena duenak izana du” esaldiaren balioa designatzaile zurrun-aren onargarritasunean datza.

Designatzaile zurruna, konzeptu filosofiko gixa, eztabaidagarria da, osoki onargarria izatetik urrun. Nik behintzat, zenbait arazo aurkitzen diot.

5 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
1 Comment
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
trackback

[…] onura baino arazoak aurkitzen dizkiogu. Beste sarrera batean arazo bati buruz mintzatu nintzen. Orain, modu sistematikoago batean, ideia beretsua jorratuko dut. […]

1
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x