Espainolak eta Euskaldunak (Joxe Azurmendi). Mito gida labur bat

Mitoak identifikatzea ongi erroturiko ideia eztabaidaezinak zalantzan jartzea da. Filosofiaren eginkizun taigabea. Espainolak eta Euskaldunak bere lan mardulean, Joxe Azurmendik euskarari egindako etengabeko erasoaldiaren inguruan daukan asperdura eta nekadurari aterabide ematen dio, haren estilo apal eta hipererrefentziadunean. Erasoaldi horretan, euskarari buruzko zenbait mito identifikatzen du, baita horiei erantzuna eman ere.

Zenbait mito

Hasteko, zer da mito bat? Bizi den munduari dagokionez, munduan egoteko, sentitzeko eta bizitzeko modu partekatu bat dela ikusi dugu beste toki batean. Hala ere, mitoaren zentzu hori ez da Azurmendik darabilena (edo darabilen bakarra). Zentzu filosofikoago batean, aipatzen den munduari dagokionez, mitoa zera da, gauza bati buruzko arras sakonki errotutako uste bat, zalantzan jartzen ez dena, baina zalantzan jartzeko merezi duena.

Hemen, Azurmendik salatzen dituen euskaldunen inguruko zenbait mito errepasatuko dugu, modu sistematiko xamarrean. Lehen, mitoaren deskribapena eta adibideak emanen ditugu. Ondoren, mito hori zalantzan jartzeko arrazoiak aipatuko ditugu.

Mitoek, maiz, euskara eta euskaldunon egoera aztertzeko exzepzionalkeri batera eraman gaituelakoan dago Azurmendi. Exzepzionalkeriaren kiribil horretatik atera ahal izateko, errezeta normaltasuna da. Gauzak haien neurrian hartzea. Ez gehiago ez gutxiago.

Barbaroak eta zibilizatuak

Mitoa: Kulturak bi multzotan banatzen dira. Alde batera, barbaroak. Beste aldera, zibilizatuak. Euskaldunak zibilizatu gabeko barbaroak dira, erromanizatu gabeko kultura baten partaideak direlako.

Adibideak: gens enim agresti rudique ingenio (Juan de Mariana, Oihenartek bildua). Son feroces, y la tierra que habitan también es feroz, silvestre y bárbara. La ferocidad de sus rostros y su bárbaro lenguaje infunden terror a los que los miran (Aymeric Picaud, garaiko Lonely Planet zen Codex Calixtinus-ean). Salvo et incolomi exercitu revertitur; praeter quod in ipso Pyrinei iugo Wasconicam perfidiam parumper in redeundo contigit experiri/Vuelve el ejercito, salvo y sin daño alguno, excepto el que hubo de sufrir en la cumbre del Pirineo por la PERFIDIA DE LOS BASKONES. (Eginhardo 830/2016: IX). Ez dago diamante batzuengatik bere etxea utziko ez lukeen euskaldunik (Voltaire 1768/1878: 121)

Zalantzan jartzeko arrazoiak: denboran zehar zibilizatu/barbaro dikotomia hori oso aldakorra da, potereak aldatzeko duen ahalmena bezainbeste. Dio Azurmedik: Beraz, grekoak barbarotzat zeukan erromatarra: baina erromatarrak grekoa ezpataz garaitu zuen eta zibilizatu egin zen. Erromatarrak barbarotzat zeukan germanoa: baina germanoak erromatarra ezpataz garaitu zuen, eta zibilizatu egin zen (bisigoto, franko). “Barbaroak”, orduan, euskalduna jo zuen barbarotzat. Eta horra komeria: euskaldunak ez du oraindink “barbaroa” ezpataz garaitu, zibilizatuena bera izateko. (Azurmendi 1992: 44-45).
Inperioek herri kolonizatuei haien hizkuntzak inposatzen dizkiete, zibilizazioaren izenean. Kultura guztiek ez dute garapen maila berdina izaten. Hori egia da. Baina mitoa zera da, hori ukiezina dela, Jainkoak edo historiak ezarria. Historiak zerbait erakusten badigu, hain justu kontrakoa da.

El tercero provecho deste mi trabajo puede ser aquel que, cuando en Salamanca di la muestra de aquesta obra a vuestra real Majestad, et me preguntó que para qué podía aprovechar, el mui reverendo padre Obispo de Ávila me arrebató la respuesta; et, respondiendo por mí, dixo que después que vuestra Alteza metiesse debaxo de su iugo muchos pueblos bárbaros et naciones de peregrinas lenguas, et con el vencimiento aquellos ternían necessidad de recebir las leies quel vencedor pone al vencido, et con ellas nuestra lengua, entonces, por esta mi Arte, podrían venir en el conocimiento della, como agora nos otros deprendemos el arte de la gramática latina para deprender el latín.Nebrija (Gramática castellana 1492)

Euskarak ez du deusatarako balio

Mitoa: Euskarak ez du berez ematen. Terminologia eskasa eta sintaxi txiroa. Hiru hitzetan, labur, eskas eta hertsia, Axularren metadeskribapen ospetsuan.

Adibideak: Barbaram linguam Blascorum (Historia Compostelana II.20). Los vascos, si de verdad siguen fieles a sus hablas natales, como procedan de valles distantes, sólo pueden entenderse en castellano. (Salvador de Madariaga). Zeren halatan, ez lizateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitaduka, dela. (Axular 1643: 10) Sarri edatutako ideia: Euskara, utikan! Ez du deustarako balio.


Zalantzan jartzeko arrazoiak: lehengoarekin alderatuta, nork bere hizkuntzarekiko arazoak izatea ez ba batere ezohikoa, batez ere terminologian. Azurmendiren lana aipamen aldetik estimatzekoa da, berriz ere.

Πόθεν οὖν ὄνομα ἑκατέρῳ τις αὐτῶν λήψεται πρέπον; ἢ δῆλον δὴ χαλεπὸν ὄν͵ διότι τῆς τῶν γενῶν κατ’ εἴδη διαιρέσεως παλαιά τις͵ ὡς ἔοικεν͵ ἀργία τοῖς ἔμπροσθεν καὶ ἀσύννους παρῆν͵ ὥστε μηδ’ ἐπιχειρεῖν μηδένα διαιρεῖσθαι· καθὸ δὴ τῶν ὀνομάτων ἀνάγκη μὴ σϕόδρα εὐπορεῖν.Non aurki dezakegu, ba, gauza bakoitzari dagokion izenik? Argi eta garbi, ez da lan erraza, zeren eta hasierako pentsalarien artean utzikeri bat izan baitzen generoak espezietan ezberdintzeko orduan. Hortaz, inor ez zen ahalegindu bereizketa horretan. Ondorioz, izenetan eskasia zaigu.Plato (Sofista 267d)
aut enim nova sunt rerum novarum facienda nomina, aut ex aliis transferendaIzan ere, edo izen berriak sortu behar dira gauza berrientzat, edo beste nonbaitetatik transferitu behar diraZizero (Academica 1.7), ποιότητας nola itzultzeaz
et tamen puto concedi nobis oportere, ut graeco verbo utamur, si quando minus occurret latinumEta, berdin-berdin, esaten dut zilegizkoa dela hitz grekoa erabiltzea, bereziki latinean parekorik ez bada.Zizero (De finibus bonorum et malorum 3.4)

Hitz batean esanda, Zizerok proposatzen duen estrategia honako hau da: astia baduzu, probatu izen bat asmatzen ea ezartzen den; presarik baduzu, beste hizkuntza batetik mailegua hartu. Gutxi gora behera, Kepa Altonagak edo Xabier Amurizak egin duten proposamen berdina.1 Ohar filosofiko bat: ikuspegi prozesista batetik, mundua ez da inbentario huts eta itxi bat, ez gauzen/formen inbentarioa (hau da, badenaren inbentarioa, Parmenidesek edo Platonek zioten moduan) ez eta gertaeren inbentarioa (hau da, agitzen denaren inbentarioa, lehendabiziko Wittgensteinek zioen moduan2). Aitzitik, mundua aldatze etengabe batean dagoen zerbait da. Ikuspegi honetatik abiatuta, are eta beharrezkoagoa da translazioa. Izen falta ez da hizkuntza batzuen arazo bat, baizik eta behar endemiko bat: hizkuntza guztiak behartuta daude haien arteko edo beste esparrutik hartutako translazioak egitera.3

Ondorioa zera da: hutsa baldin bada, (eta badela nabarmena da, dio Azurmendik), euskaldunena da eta ez euskararena.4

Euskera eta odol garbitasuna

Mitoa: nazionalismo guztiek odol garbitasunarena edo arrazakeriaren aldeko joera dute. Euskal nazionalismoan eta euskararen defentsan garbitasuna bilatzen da. Tubal-en genealogia asmatuak (besteak beste) islatzen du garbitasun bilatze hori.

Adibideak: Tradición es antigua, y recibida entre los nuestros, que Tubal quinto hijo de Jafet, nieto del patriarca Noe, venido á España con su gente después del diluvio, llegó a Cantabria y a Vardulia, tierra de Guipuzcoa. (Isasti 1625: I.II.1) La nobleza é hidalguia de los naturales y originarios de Guipuzcoa bien conocida está en todo el mundo, por haberse conservado desde su principio en sus solares conocidos con mucha pureza sin mezcla de otras naciones extranjeras, como se vé en su lengua bascongada […]. (Isasti 1625: I.III.14) Aitzitik badirudi ezen bertze hitzkuntza eta lengoaia komun guztiak bata bertzearekin nahasiak direla. Baiña euskara bere lehenbiziko hastean eta garbitasunean dagoela. (Axular 1643)

Zalantzan jartzeko arrazoiak: metonimia arazo bat daukagu hemen. Euskal nazionalismoa edo, zuzenik, euskara, behialako tradizioan izan den adierazpen ideologiko batzuekin eta horiekin besterik ez identifikatzea, apriorismo bat da: a priori euskaran ez dagoela beste posizionamendurik edo a priori euskarak eta euskal pentsamenduak dinamikotasunik ez duela esatearen pare. Euskal kulturan eta euskararen defentsan izan da odol garbitasunaren ideia erabili duena, sarritan gainera. Horra Isasti, Garibay eta hegoaldeko beste jauntxo, esaterako. Baina Azurmendik dio (a) euskera ez dela izan honetan irla bat, (beste hizkuntzetan eta beste nazioen izenean gauza bera egin izan dela) eta (b) odol garbitasunaren konzeptua —eigenlich edo benekotasuna edota jatorri dibinoren konzeptuetan gertatzen den moduan— historikoki aztertu behar dela, ideia honen arrakasta (eta porrota) haren testuinguruan aztertu ahal izateko. Euskarak berak adina eskorta ematen dizkigu halakorik egiteko, kanpoko inoren laguntzarik gabe: euskarak ernazimentu bat ez izanik, inperiorik ere ez, haren jatorri garbian oinarritu zuten bere noblezia guztia baten batzuek.

Berriz ere, Azurmendi eskuzabala da bi ideia hauen argumentaziorako aipamenetan:

Fuerte mient quiso Dios          a España honrar,
quando al santo apostol          quiso y enbiar;
d’Inglatierra e Françia          quiso la mejorar,
Espainiaren jatorri dibinoa: Poema de Fernán González 1255: IV.154
-Sea por Dios -dijo Sancho-; que yo cristiano viejo soy, y para ser conde esto me basta.Quijote (XXI. kap.)
Es sind in den vorigen Reden angegeben und in der Geschichte nachgewiesen die Grundzüge der Deutschen, als eines Urvolks, und als eines solchen, das das Recht hat, sich das Volk schlechtweg, im Gegensatze mit andern von ihm abgerissenen Stämmen, zu nennen, wie denn auch das Wort »Deutsch« in seiner eigentlichen Wortbedeutung das soeben Gesagte bezeichnet.Aurreko mintzaldietan bistan dago eta historian beran argi erakusten ditu alemaniarren oinarrizko ezaugarriak, jatorrizko herri (Urvolk) bati dagozkionak, baita haren eskubidea herri bat deitu ahal izateko, “aleman” hotsak benetan adierazten duen moduan, eta hartatik bereizten diren beste tribu batzuk ez bezala, Fichte (Reden an die deutsche Nation 1892: siebente Rede)
P. ¿Quién fué el primer poblador de España?
R. Túbal, hijo de Jafet y nieto de Noé, se supone que fué el primero que vino á España, en el siglo XXII antes de Jesucristo […].
Calleja Fernández (Nociones de Historia de España 1884: 11)

El vasco redento

Mitoa: Euskarak berez ematen ez duenez, hobe dugu euskaldunok euskal hizkuntzari uko egitea. Mitoaren beste bertsio bat, tubalismo eta eusko-iberismoaren interpretazio xelebre batetik dator: iberoa euskera da, beraz, espainoletan espainolena euskalduna dugu.

Adibideak: Pero ¿qué castellano ha hablado de Vizcaya o de la tierra vasca en general con el amor y respeto con que habló Garibay de Castilla y de otras partes de España? (Caro Baroja, Azurmendik ekarria). Tenemos que olvidarlo e irrumpir en el castellano. (Unamuno 1901)

Zalantzan jartzeko arrazoiak: Garibay euskal jauntxoen adibiderik argiena da, interes ekonomikoen arabera mugitzen dena. Unamunoren erantzuna gehiegikeri bat da: gainerreakzio bat.

Mito ez diren zenbait ideia

Azurmendiren ustez, euskaldunei buruzko mito ez diren zenbait ideia badira, horien artean honako hauek:

  • Euskaldunak euskararekin konplexu bat (izan) du. Gurea hizkuntza txiki bat da, munduaren aniztasunean. Axularetik horrela antzeman da. batzuen ustez, ideia honen aurka dago “apologistak” deitzen dieten (gehienez erderazko) idazle batzuen euskeraren glorifikazioa eta exzepziotasunaren aldarria. Haien artean dago Esteban de Garibay, Isasti, edo gertuago dugun Larramendi. Hala ere, apologisten jarrera harroputz hori euskal konplexuaren txanpon bereko ifrentzua besterik ez da, dio Azurmendik.
  • Euskal literatura apala da, apaizek egina, batez ere. Hori onartu beharra dagoela dio Azurmendik (1992: 328-329): Datuok sinpleak bezain argigarriak ditugu: mendeotan euskal idazle denak iparraldekoak dira, bat bakarrik ez hegoaldekoa. Apologista denak hegoaldekoak dira. Hegoaldeak ere badu idazlerik, baina apologistak (eta erdaraz, hortakoz). […] Eta beste datu bat hau da: mendeotako apologista bakar bat da apezik, Isasti; beste denak jauntxo saileko edo ingurukoak. Euskal idazle bat bakarra, ordea, jauntxo sailekoa (Oihenart, herri kontzientzia txit berezikoa bera), beste denak elizgizonak. Elizgizonak bertako herriari atxekiagoak ziren, bidezko denez.
  • Euskaran XVI. mendean ez zen ernazimendurik izan (beste zenbait hizkuntzetan gertatu zenaren kontran, italieran, frantsean edo gazteleran, esaterako). Hemen, Azurmendiren bi ideia azpimarratu beharra dago. Bata, hizkuntza latindarretan ernazimendua ez da atzera bueltatze nostalgiko bat besterik ez, baizik eta nork bere hizkuntzaren benetakotasuna aldarrikatzeko abagunea. Bigarrren, hainbat arrazoiengatik, euskaran ez zen ernazimendurik izan, eta hori jazo zen moduan onartu beharra dago. Egoera horretan dago euskara, beste hainbat hizkuntza bezala. Kasu hauetan, hizkuntzek beste motako argitze prozesuak igaro behar dituzte, adibidez, XIX. mendean, yiddishean Haskalá edo euskara kasuan batua iritsi eta geroko loraldi literarioa.

Normaltasuna oi!!!

Mitologia honen alboan datorren erasoaldiari aurre egiteko, zein da bide aproposa? Ezaguna da Azumendiren abertzaletasun kulturala. Baina lan honetan behin eta berriz —mailukadaz mailukada— errepikatzen den ideia bat baldin bada, hori da normaltasuna, hau da, exzepzionalkeriaren kiribil batetik atera beharra. Euskal nazionalismoa eta euskera ez da beste nazionalismo mugimenduetan salbuespen bat. Haren ezaugarriak baditu, bai. Esaterako, nazionalismo ez hegemonikoen artean kokatu beharko genuke, beste nazionalismo asko bezala (baina nazionalismo espainola edo frantsesa ez bezala).

Normaltasuna, Azurmendiren kasuan, nor bere ispiluaren aurrean paratzea da. Erantzun beharreko galderen artean, honako hauek daude: Nazio guztien eraketan, kultur propio bat sustatzea beharrezkoa bada, zergatik ez gurean? Nazio askotan bertako hizkuntza (bulgarea) zientzia egiteko erabiltzen bada, zergatik ez gurean? Arrazakeria, odol garbitasuna, harrokeria, gaindi beharreko pasarteak (izan) baldin badira hainbeste nazioen kasuan, zergatik ez gurean? Hainbat nazioei modernia etorri baldin bazaie, zergatik ez guri?

Aurrean, normalizazioaren garrantziaz jabetzeko zenbait exenplu seinalatuko dut.

Perspektiba gu(k)tarra

Gu-aren perspektiba nazionalismo guztietan nazioa eraikitzeko balio duen tresna da. Hau ez da euskal nazionalismoaren bitxikeri bat. Nazio kulturala zein nazio politikoa eratzean eta azaltzean, bi bereizketaren premian gaude: alde batetik, pasibotasunean (elkarrekin izatean, elkarrekin bizitzean, elkarrekin egotean) gertatzen den gu/besteak. Beste aldetik, aktibotasunean (elkarrekin egitean, elkarrekin ospatzean, elkarrekin oroitzean) gertatzen den guk/besteek. Egunerokotasunean nazioak egiten edo desegiten dira, zer esanik ez mintzatzean edota idaztean.5 Erne: Hieroklesen zirkuluak zera erakusten digu: nazio nortasunaren perspektiba gu(k)tarra beste perspektiba gu(k)tarren artean maila bat besterik ez dela: etxea, lagunak, herria, gizateria…

Espainolek, beste guztiak bezala, kontrastatuz lortu dute beren alde —nazio— kontzientzia: “horiek holakoak dira, eta gu beste holakoak”. Nazio kontzientziak horrelaxe egiten dira bazter guztietan. (Azurmendi 1992: 37).

Konplexua eta konplexutasuna

Euskal nazionalismoa, bi ur artean ibili izan da askotan. Baina ez du, berez, mutur batean edo bestean egon behar. Alta, dinamikotasun handia du, beste nazionalismo askotan gertatzen den moduan. Euskararen inguruan konplexu batek muturreko ikuspegiak hartzera bultzatzen bagaitu ere, errealitateak egoera konplexuagoa dela aitortzera bultzatzen gaitu.

Prozesu horren hasieran euskaldunen beren zabarkeria izugarria dago. Prozesu horren buruan bi alderdi daukagu gaur arte: batek esaten du, Euskal Herriak ez duela piku ustel bat balio. Besteak esaten du, Euskal Herria bezalakorik ez dagoela munduan… Jakina, gauzak ez dira horren sinple botatzen. (Azurmendi 1992: 561-562).

Mitifikaziorako joera

Aipatzen den munduaren mitifikazioa, historiaren pasadizo ohoragarriak sinboloen bidez gogorarazteko, goraipatzeko eta, batzutan, desitxuratzeko joera da. Bistan da mitifikaziorako joera hori euskaraz ezagutu dugula: Leloren kantua, Altabizkargo kanta eta holakoak ikustea besterik ez dago. Baina hau ez da euskal ezaugarri bat, baizik eta nazionalismo guztien ezaugarri bat. Hori bai, guri dagokigu mito horien epeltzea eta apaltzea, beste batzuek kanpotik egin baino lehen. Horra berriki jazo Davant/Matalaz exenplua.

Abertzaleek —beste edozeinen antzera— beren erara mitifikatu dute historia. Baina, lehenengo, mito horiek ez dute zerikusirik guk daukagun abertzaletasunarekin (orain). Eta, bigarren, honelako ipuinak Euskal Herritik landa ere erruz aurkitzen dira. (Azurmendi 1992: 364-365)

Nazionalismoen asimetria

Nazionalismoei buruz aritzean, sofisma bat aurkitzen da, asimetria batetik abiatzen dena. Alde batera, poterea/estatua duen nazionalismoa dago; nazionalismo ostendu bat da, statusa aldatzeko batere beharrik ez duena eta normalean potere aldetik auzipean jartzen ez dena (edo hauspotzen dena). Beste aldera, poterea/estaturik ez duen nazionalismo bat dago, nazionalismo auzipetu bat, gauzak aldatzeko premia duena eta potereak maiz mesfidantzaz hartzen duena.

Espainol gisa edo frantses gisa harrotzen bazara, euskaldun izanik, inork ez dizu ezer esango. Aitzitik, euskaldunek Espainia eta Frantzia zenbat edertu eta ohoratu dituzten, esaten baduzu, izpiritu zabal eta unibertsaleko gizona deklaratuko zaituzte. Kondizioari beti Espainia eta Frantzia deritzo. […] Baina euskaldunak zein euskaldun diren, edo izan diren, edo izan behar luketen, esan orduko, segituan botako dizute aurpegira, izpiritu estu eta kaldarra zarela, artobero, etxezulo, xuhur, auzokoi, bistamotz eta beste zernahi dotorezia. Burgesa zara, gainera, eta proletalgoaren batasunaren etsai (Azurmendi 1992: 563)

Oin-oharrak

  1. Kontuak kontu, Xabier Amurizak 20 000 hitz komun falta zaizkigula aldarrikatu du: horietariko asko eta asko –milaka batzuk- adjektibo erreferentzial dira, zalantzarik ez. (Altonaga 2015: 84) Descartesek ideiei buruz zioen “argi eta bereizi” konzeptua (gaztelaniaz “claro y distinto” diotena) egoki dakust terminoei aplikatzeko ere. Erdal hitz komun batentzat, euskaran ordain argi eta bereizirik aurkitzen ez bada, eta neologismoak ez badira “argi eta bereizi” gelditzen, zentzuzkoena da hitz komuna mailegatzea. (Amuriza 2012: 247) ↩︎
  2. Mundua gertakarien osotasuna da, ez gauzena. Tractatus Logico-Philosophicus, Txillardegik itzulia (1921/1990: 61). ↩︎
  3. Gogora dezagun, arren, blog honen izenburua! ↩︎
  4. Zenbait kasutan antzemaaten zaio Azurmendiri mikaztasun bat. Adibide bat: Horra, ba, euskal Ernazimentua: Ernazimenturik izatera heldu ez zena. Erdi Aroarekin haustura burutu ez zuena. Kultura modernorik eta gizarte modernorik sortu ez diguna. Apez mordoska bat ez bait da aski horretarako, klase nagusiek, horretarakoenek, euskal kulturari atzea eman badiote jadanik. Egin dutenek, zerbait egin dute. Besteok ezer ez. (Azurmendi 1992: 480) ↩︎
  5. Esaterako, Benedict Anderson-en Imagined communities lanean ederki ongi islatzen da inprimatzearen garrantzia nazionalismoen garapenean. ↩︎

5 3 votes
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x