Name and necesity lanean Saul Kripkek argitara eman zuen rigid designator edo designatzaile zurrunaren konzeptua. Designatzaile zurrun bat zera da: edozein balizko mundutan gauza bera designatzen duen terminoa.
Polemiko xamarra bada ere, plazaratu zenetik itzal handiko konzeptu bilakatu zen eta, neurri handi batean, pasa den mendeko metafisikaren berpizkundean sekulako eragina izan zuen.
Batzuok onura baino arazoak aurkitzen dizkiogu. Beste sarrera batean arazo bati buruz mintzatu nintzen (testu-inguru bat interesa bazaizu, irakur dezakezu). Orain, modu sistematikoago batean, ideia beretsua jorratuko dut. Lehendabizi konzeptua azalduko dut. Gero haren aplikazioez ariko naiz. Bukatzeko konzeptu honek dituen arazoak aurkeztuko ditut, pitinka-pitinka baina irmo eta fermuki.
Zer den designatzaile zurruna?
Zehazki, horrela definitzen da:
Designatzaile zurrun batek beti gauza bera designatzen du, gauza hori existitzen den edozein balizko mundutan (eta ez du deusik designatzen gauza hori existitzen ez den munduetan).
Hasteko, zer da balizko mundu bat? Kripke-rentzat, balizko mundu bat zera da, burura daiteken mundu bat. Beharrezkotasunaren ekuazioa honako hau da: balizko=bururagarri, posible=conceivable. Hortaz, Kripke ez dago interesaturik burura ez daitezken munduez edota baldarki bururatutako munduez. Benetan bururagarriak diren munduez ari da.
Ohiko interpretazioaren arabera, izen propioak designatzaile zurrunak dira. Adibidez, “Aristoteles” hitzak gauza bera designatzen du Aristoteles existitzen den (edo existitu izan den) edozein mundutan. Horrela ez balitz, ez litzake posible izanen halako mundurik bururatzea.
Ez hain ohikoa, baina edatu xamar dagoen beste interpretazio baten arabera, mota naturaleko izenak ere, designatzaile zurrunak dira. Adibidez “ura”, “kobrea” edo “egurra” designatzaile zurrunak dira.
Designatzaile zurrunez egindako berdintza bat, mundu batean egia bada, mundu guztietan egia izanen da, alegia, halabeharrezko egia izanen da. Adibidez, demagun “ura” eta “H2O” designatzaile zurrunak direla. Hortaz:
“ura=H2O” gure munduan egia denez, halabeharrezko egia da, hau da, edozein balizko mundu hartuta ere, egia da.
Demagun “kolore eta usai gabea eta giro-tenperaturan jariakortasuna duena” designatzaile ez zurruna dela. Hortaz:
“ura=kolore eta usai gabea eta giro-tenperaturan jariakortasuna duena” egia kontingente izan liteke, hau da, mundu batzutan egia da eta beste mundu batzutan gezurra izan liteke.
Beste zenbait exenplu.
Exenplu 1: “Hespero=ilunsentiaren izarrik disdiratsuena”
Kripkeren arabera egia hau kontingentea da, “Hespero” designatzaile zurrun bat da, “ilunsentiaren izarrik distiratsuena”, berriz, ez.
Exenplu 2: “Fosforo=egunsentiaren izarrik disdiratsuena”
Berdintsu. Kripkeren arabera egia hau kontingentea da. “Fosforo” designatzaile zurrun bat da, “egunsentiaren izarrik distiratsuena”, berriz, ez.
Exenplu 3: “Hespero=Fosforo”
“Hespero” eta “Fosforo” designatzaile zurrunak dira, hortaz, egia hau halabeharrezkoa da, edozein balizko mundutan egia da.
Zertarako balio dute designatzaile zurrunek?
Filosofian konzeptu baten balioa argumentuak garatzeko ahalmenean datza sarritan. Designatzaile zurrunek argumentu modalak egiteko balio dute.
Argumentu modalik ospetsuena gogo-filosofian aurkitzen da, eta fisikalismoaren kontra egiten du. Gogo-filosofian, fisikalismoak prozesu mental guztiak prozesu fisikoak direla dio. Horren kontra Kripkek honako argumentua asmatu zuen:
a) “mina”=”aktibazio neuronal zehatz batzuk” proposizioa bi designatzaileez egindako proposizio bat da.
b) Designatzaile zurrunez egindako proposizio bat halabeharrezkoa da, alegia, egia (edo gezurra) edozein mundu hartuta ere.
c) Baliteke aktibazio neuronal horiek minik gabe datozen mundu bat bururatzea.
d) Hortaz, “mina=aktibazio neuronal zehatz batzuk” zerbait izatekotan, egia kontigente bat edo halabeharrezko gezurra bat da.
e) Biak, “mina” eta “aktibazio neuronal zehatz batzuk”, designatzaile zurrunak dira.
f) Hortaz, “mina=aktibazio neuronal zehatz batzuk” proposizioa halabeharrezko gezur bat da.
Hemen argudioaren zama (e) zatian datza.
Zein arazoak dituzte designatzaile zurrunek?
Lehen ikusi dugun exenpluen funtzionaltasuna designatzaile zurrunetan datza. Hona hemen erabilpen honetan zenbait arazo.
Balizko munduaren ideia eztabaidagarria da
Euskarazko itzulpena parada ematen digu arazo batez jabetzeko. Balizko mundu bat burura daiteken (conceivable den) mundu bat da. Baina norena/zeinena da “buru” hori? Zertan datza “burura daiteken hori”? Nik, zuk edo J. R. R. Tolkien-ek burura dezakegun mundu bat? Kripke ez da interesatzen edozeinek burura ditzaken munduez, baizik eta benetan eta ganoraz burura daitezken munduez. Alegia, Jainko batek edo inteligentzia perfektu batek burura ditzaken munduez ari da.
Hortaz, bi arazo nagusi:
- Beste sarrera batean esan genuen moduan, designatzaile zurrunen konzeptuari kutsu teologiko bat sumatzen zaio.
- Nola aplikatu bururatze operazio hori, jainko edo inteligentzi perfektu baten faltan?
Agian, nik conceivability itzultzeko “bururagarria” hitza erabili izana amarrutsua dela uste duzu. Horrela bada, erabil ezazu beste hitz bat, “pentsagarria”, esaterako. Argumentuak berdin-berdin balio du.
Zientziaren idei xaloa
Balizko munduaren ideia zientziaren ideia partikular batekin lotuta dago, alegia, zientzia gauza osatu bat izan daitekela. Osatu hitzak konpletoa esan nahi du, hutsik-gabea. Norbaitek (jainko batek, akaso) oso-osorik burura edo pentsa daiteken zerbait.
Hala eta guztiz ere, hori ez da zientziari buruzko pentsamolde bakarra. Rescherek, esaterako, uste du zientzia inoiz ez dela izanen gauza konpleto bat, baizik eta etengabe gero eta konplexutasun handiago batera doan gauza bat. Nola bururatu, nola pentsatu halako gauza bat?
Ideia hau Asier Arias filosofoari entzuna diot. Kripkeren eta, orohar, argumentu modaletan erabiltzen den zientziaren konzeptua xalo xamarra dela esan daiteke. “Kolorerik gabe, usai gabe eta giro-tenperaturan jariakortasuna duena=H2O” esaten denean bi aldetako designatzaileak ezberdinak bide dira. Ezkerrekoa deskriptiboa da: zerbait kolorerik gabea eta zaporerik gabea da, giro-tenperaturan jariakortasuna duena. Eskuinekoa, berriz, itxia dago: H2O zehaztasun handia du (edo haren ordez beti posiblea da jartzea zientziak emandako eta guztiz zehatza den proposizio bat)… Ala ez? Hemen oso nabaria da zientziaren ideia partikular bat datzala. Hala eta guztiz ere, H2O ez dago bestea baino osatuago. H2O ideia, konzeptuen sare batean koka dezakegun deskripzio bat besterik ez da, eta esanahia izateko hainbeste konzeptu behar du lagun: elektronegtibitatea, Van der Walls-en indarrak, eta abar.
Datu-baseak eta designatzaile zurrunak
Bururagarritasun edo pentsagarritasun horretan badator beste kezka-iturri bat. Bururagarritasuna (conceivability) operazio bat da. Gure mundutik M beste mundu batera M* doana. Hortaz operazio batek dituen propietateak aplikatzen ahal dizkiogu. Esaterako, ba al du transibitaterik? Hau da, bururatu den M* mundu horretatik beste mundu batera M** pasatzea zilegizkoa al da? Eta horrela bada, zer paper dute designatzaile zurrunek horretan?
Zaila da horrela penstatzen jartzea. Baina informatikoek ederki ongi ezagutzen duten gertaera bat isla dezake antzeko egoera. Imagina ezazu kale-izendegi bat. Adibidean oso laburra da, baina nahibeste luza dezakezu. Datu-base formatuan horrela izan litzake:
Orain imagina politikari txar eta apetatsu batek lege berri bat agintzen du izen-degi berri bat ezarriz, non dena nahasten da. Legeak horrela dio:
Hemendik aurrera kaleen izen guztiak trukatu behar dira. Hau da:
Rue des Mûriers hemendik aurrera Rue des Planqueminiers izanen da.
Rue des Planqueminiers hemendik aurrera Rue des Oliviers izanen da.
Rue des Oliviers hemendik aurrera Rue des Grenadiers izanen da
Rue des Grenadiers hemendik aurrera Rue des Eucalyptus izanen da
Rue des Eucalyptus hemendik aurrera Rue des Mûriers izanen da
Nola moldatuko litzateke informatikari bat nahaspila honetan ordena jartzeko (eta datuen osotasuna bermatzeko)? Bada, ziur aski, beste zutabe bat gehituko lioke datu-baseari, ausazko identifikatzaile batekin (hau da, beste designatzaile bat) dena berriz ere antolatzeko. Datu-base berria horrela geratuko litzateke:
Orain, imagina politikari apetatsu horrek beste lege bat agintzen duela, dena berriz nahastu nahian: Hemendik aurrera kaleen izendategien datu-baseen identifikatzaile guztiak trukatu behar dira. Zer eginen luke informatikariak informazioaren osotasuna bermatzeko? Berriz ere beste zutabe bat gehituko lioke datu-baseari:
Konturatzen baldin bagara, designatzaile zurrunen beharrik ez dugu beste munduak bururatzeko. Hau da, mundu guztietan gauza bera designatzen duenaren beharrik ez dugu. Designatzaile zurruna ez da konzeptu indispensable bat. Kontrakoa, dispensablea da, baldin eta bururagarritasun hori beste mundu batzuen bitartean egiten bada. Bitartekaritza hori ematen bada, orduan bakarrik eragiketa edo operazio bakoitzarako designatzaile sasizurrunen beharrean gaude.
[…] Designatzaile zurruna, konzeptu filosofiko gixa, eztabaidagarria da, osoki onargarria izatetik urrun. Nik behintzat, zenbait arazo aurkitzen diot. […]
Izugarri ona zure artikulua, Zorionak!!