GO!azen 12.0: pertsonaien analisia

Beste guraso asko lez, aurten ere elkartzen gara ostiralero —txintxo demonio— telebistaren aurrean Go!azen telesaila arrakastatsua ikusteko. Ez da telesaila honetaz idatzi dudan lehendabiziko aldia. Lehen, Goazen-en agertzen diren tokiei buruzko analisi ttipi bat egin nuen, mapa sinboliko bat. Oraingo honetan, 2025eko denboraldiko (12. deboraldiko) pertsonaien analisia eginen dut. Analisia estereotipoei zuzenduta dago, hots, pertsonaia ezberdinak eskorta berezi batzuetan, nolakoak diren eta besteen aurrean nola agertzen diren. Telesaila aurreratu eta gero, pertsonaiek haien mugak gainditzeko ahalmena erakutsiko dute ziur aski. Hala espero dugu, behintzat, alaba eta biok. Sarrera honetan, Maitane, Karla, Malen eta Bosko pertsonaietan zentratuko naiz, horiek abiapuntu izanik beste hainbeste gairi buruz jarduteko, esaterako, euskal izenen asimilazioa, memoria-eskastea, edota baikortasun neurrigabea. Oharra: Azurmendiri buruzko beste sarrera bat prestatzen ari naizenez, sarrera hau kutsatuta egonen da, eta baliteke nahi baina politikoagoa agertzea.

Maitane

Udalekuaren zuzendaria, “beti positibo” filosofiaren defendatzaile sutsua eta muturreko/errotikoa. Psikologian akaso pentsamendu positiboak tokia badu ere, filosofian ez dago parekorik. Errealismo berrietan (Harman, Ferraris, Gabriel) gauzak agitzen dira eta gauzek agintzen dute. Idealismoan, berriz, arrazoia agitzen da eta arrazoiak agintzen du. Edonola ere, zera batek agintzen baldin badu, aldez aurretiko baikortasun bat sekulan santan ez da izan. Are eta gehiago, Alizia pentsamenduak kritikak jaso ditu, errealitateari ganoraz aurre egiteko ekiditen duelakoan. Esan bezala, psikologiaren ikuspuntutik  badu pase bat, modu katastematiko batean ulertzen bada: Epikurorentzat, plazerra minaren falta zen. Pentsamendu positiboa pentsamendu negatiboen falta bada, orduan defendagarria gerta daiteke. Kasu honetan, pentsamendu negatiborako joera duen Maitane bezalako pertsona batentzat irtebide zilegi gerta daiteke.

Karla

Pertsonairik ilunena (baina argituko dena). Memento-ren Leonard bezala, ez du memoriarik, dena ahazten zaio. Hortaz, bere jokaera (Leonardena bezala) ez da ezmorala, baizik eta amorala: eskorta moraletatik at dago. Inolako motiborik gabe lapurretan, nahiz eta, —aberaskume izanik— inolako beharrik ez izan. Ez du makurkeriarik, baina sarri gaizki jokatzen du. Ez du besteak manipulatzeko desiorik, baina besteekiko enpatia askirik ez du. Egungo gizartea hantxe dago, hantxe gaude. Indiferentzia batek izoztua. Indiferentzia batek bulkatua. Munduaren konplejidadeak eta kontraesanek (Gaza, etxalden hustiapena, gazteen esplotazioa) jota, inolako erantzun(kizun)ik ez dugula. Leonard eta Karla-n, memoria eskasten zaion gizarte paralizatu/harritu/espasmodikoaren metafora polita dugu.

Malen

Egizalea, txikle murtzikatzaile amorratua, kultura gabea. Euskaldunak eta Espainolak lan mardulean Azurmendik azaltzen duen barabaro/ zibilizatu (pelagoa/greziarra, greziarra/erromatarrara, erromatarra/gotoa, gotoa/frankoa…) mantraren beste katebegi baten gixa ikusten ahal dugu Maren. Boskok gaztazarra ematen dio. Malenek (narrastua): hau ustelduta dago!. Boskok: ustelduta ez, hartzituta dago. Zibilizatuek barabaroei ohiturak (hizkuntzak, usadioak) aldatzeko tensioa.

Bosko Nuñez de Salazar

Aberaskume, apetatsu, baina diru egoera larrian. Desagertzear dagoen noblezia baten metafora. Sosik ez du, noblezia besterik ez, Boskok. Noblezia odolean baldin badago, eta odola abizenean baldin badago, hona hemen beste asimilazio baten adibidea. Sarasaitz (Zaraitzu) izena nonbait, gazteleraz jarri behar zuten eskribauek, Nafarroako konkista eta gero, eta aurrez erderaz existiten zen Salazar izena horretan asimilatu zen.

Piaget-i esker, ederki ongi ezagutzen dugu asimilazio eta akomodazio/egokipen arteko ezberdintasuna. Estimulu berri baten aurrean, bi estrategia deskribatzen du Piagetek: egokipena eta asimilazioa. Egokipenak aldez aurretiko ideiak egokitzea eskatzen du, aurretiko mundu konzeptuala aldatze eta birmoldatzea. Asimilazioan berriz, mundua eta errelitatea gure aurrekonzeptuen arabera deskribitzen da. Esaterako: umeak lehen aldiz zebra bat ikustean, zaldi marradun bat dela dio eta horrela asimilatzen du. Behialako euskaldunek lehendabiziz patata bat ikustean, lursagarra deitu omen zuten. (Behialako frantsesek kasu honetan berdin-berdin jokatu zuten: pomme de terre.) Gazteleraren poderioz, euskal izenek asimilazio ikaragarria sufritu dute maiz, eta zenbait munstro etimologiko sortu dira: Salazar, Altobiscar, Cuesta La Reina, esaterako.

Asimilazio eta egokipenaren artean ezberdintzea, alta, ez da beti lan erreza izaten. John Searlek, intentionalitate-aren konzeptua (Intentionality) azaltzean, aldi berean lan egiten duten bi egokipen mugimendu (direction of fit) deskribatzen ditu: bata, gogoetatik mundura doana (mind-to-word), usteekin loturikoa; bigarrena mundutik gogoetara doana (world-to-mind), desioekin loturikoa. Baina uste eta desioen artean ezberdintzea ez da ahuntzaren gauerdiko estula!1

Roke/Azpi

Pertsonaia bizefaloa, bata bestearen faltan ezin dugu ulertu. Teknokrazia eta xalotasuna. Agintea eta obedientzia. Alteritate azpiratua. Subalternitatea jabetua. Rokek Azpiren onarpena bilatzen du maiz. Askatasuna, zure autoritatea zein izanen den aukeratzea baldin bada, askatasun konzeptu txiro bat darabiltzagu, edo behintzat sapere aude eta Ilustrazioaren lelo horien oso urrun dagoena.

Garazi

Hamaika batailek eskarmentatua. Ertainen arteko Gandalf-a da udalekuan. Itsuen artean begibakarra, askotan. Badu, eramateko motxila, eta ez nolanahikoa gainera.

  1. Ohar tekniko bat: Agitz bitxiki, hautemateari buruzko egungo teoria ezagunenetariko batentzat (hau da, Karl Fristonen energia librearen prinzipioan oinarrituriko aurreikuspen prozesatze teorian) izatearen probabilitatea eta izatearen preferentzia biziki lotuta agertzen dira. (Ik. Mann, Pain & Kirchhoff 2022: 10-11 o.: It is worth restating just how unusual it is to interpret p as a measure of both probabilities and preferences.) Nola azaldu uztarketa xelebre hau? Irudi bat bururatzen zait, hori ulertzeko. Mendi bat igotzen ari zarela, hurrengo pausuak non eman aurreikusten ari zara denbora osoan. Aurreko pausuak luzatu edo estutzen dituzu horretarako (nolabaiteko inferentzia aktibo batean). Aldi berean, aurreikusitako pausu hori emateko unea gerturatzen den heinean, pausu hori ongi emanen den segurtasun gero eta biziago bat sentitzen duzu. Nahi eta uste inkonstzienteak, —preferentziak eta probabilitateak— elkarrekin lan egiten dute inferentzia aktiboan oinarritutako aurreikuspen prozesatze teorian. ↩︎

1 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x