Descartesen cogito-a euskaraz (I)

Cogito, ergo sum. Je pense donc je suis. Batxilergo filosofian, modernitatea hala hasten zela irakatsi ziguten.

Denbora pasa ahala, Descartesen esapide potolo honek zaharberritzeko ahalmen izugarria erakutsi du. XVII. mendean plazaratutako bertsio 1.0 horretatik gaurdaino jantzi anitzez eta forma ugariz ezagutu ditugu. Kontzientzia da haren azken eguneraketa, akaso aipagarriena, eta horren harira ulertu behar da XX. mendearen ondarrean gertatu den kontzientziaren berpizte izugarria gogo-filosofian, Saul Kripke, Sydney Shoemaker edo David Chalmerls kasu.

Esapidearen bertsio 1.0 horren azaleko egitura diadikoa da. Bi premisa baditu, (A) eta (A=>B), eta konklusio bat, (B), non A=cogito eta B=sum. Horrela izanik, esapide cartesiarrari egin zaizkion kritikak, maiseoak eta adabaketak bi multzo nagusitan para ditzakegu. Batetik, lehenengo premisa zilegia ez dela diotenak, eta, batez ere, ni edo egoren papera kilikan jartzen dutenak. Hauen arabera, cogitoa onartzea urrats luzeegi bat ematea da. Bestetik, bigarren premisa zilegia ez dela diotenak. Hauen arabera, cogitotik sumerainoko bidea itxita dago. Ezin da transitatu.

Lichtenberg fisikaria eta aforismo sortzaile xelebrea dugu lehenbiziko multzoko adibide txit argia. Lichtenbergen aburuz, esatekotan, meditazioan dagoen Descartesek esan dezake: “pentsamendu edo duda bat bada”, “trumoi bat izan da” esaten den moduan. Baina inolaz ere “nik pentsatzen dut” edo “nik zalantza bat badut”. Hemen, nolabait, Descartesi leporatzen zaio inbertsio bat egin izana, hau da, lehenbizi nia asumitu izana, eta gero cogitoa. Hurrengo pausoa, hortaz, tautologikoa da. Kopia hutsa.

Peacockek, ordea, badu Lichtenbergen kontrako txertoa prest. Bere ustez, lehendabiziko premisak (A) beste bi pauso dakartza: (A1) norbaitek pentsatzen duela eta (A2) norbait hori neu naizela. Horrela salbatu omen da Descartes Lichtenbergen kontra.

Hortaz, esapideraren ustezko egitura diadikoa (A, A=>B), berez, triadikoa da (A1, A2 eta (A1&A2)=>B).

Peacocke eta Lichtenberg liskarretan jartze honetan bada zera inportante bat, Descartesen esapidearen haratago doana: sustantziaren metafisika eta prozesuaren filosofiaren arteko lehia. Sustantziarrak vs. prozesistak.

Peacockeren aburuz, ez dago norbaitik gabeko pentsamendurik. Pentsamendu orok pentsatzaile bat behar du. Nork bat behar du. Subjektu pentsatzaileak, alegia.

Lichtenberg, aldiz, ez letorke bat honekin. Lengoaiak subjektu bat eskatzen du, baina lengoaiak ez du agintzen. Lichtenbergek aukeratutako exenplua ez da batere ausazkoa. “Trumoia izan da”. Izan ere, tximistak, xirimoloak, trumoiak eta gixa horietariko fenomenoak dira subjekturik gabeko prozesuen adibide kuttunenak Rescher bezalako prozesista batentzat.

5 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
1 Comment
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Raul Jauregi
Raul Jauregi
3 years ago

Filosofia ulertzeko eguneroko euskal munduan. Eskerrik asko!

1
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x