Berkeley eta intsumisioa

2020. urtearen ondarrean Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala estreinatu zen. Dokumentalak, debora-makinan sartu eta atzerako bidaia proposatzen du: kamiseta zabalak, larruzko txupak, Kakitzak-en logoa, San Roqueko gartzelaren horma zaharrak, kamaren analogikotasuna… Baina bada ere soldadutzaren kontrako intsumisio-mugimendua eta, orokorrean, desobedientziaren inguruan gogoeta batzuk egiteko parada.

Intsumisioa desobedientziarako mugimendu antolatu bat bazen, desobedientzia aktiboan onarritua, alegia. Berkeleyk, berriz, ordenaren mesedetan, Jainkoari eta potereari men egiteko (eta erresistenzia ez egiteko) beharra defendatu zuen, obeditze pasiboarena, alegia. Kontzeptualki, hortaz, intsumisioa kaso berezi bat da, Berkeleyk sutsuki eta gartsuki defendatu zuen obedientzia pasiboaren ifrentzua. Hala ere, kontraposizio hau ongi ulertzeko aldez aurretik zenbait ñabardura egitea beharrezkoa zait. Alde batetik, obedientzia eta desobedientziaren ingururan. Beste aldetik, aktibotasun eta pasibotasunari dagozkienak. Laburtze aldera, hemen, aktibotasun eta pasibotasunaren arteko kontraposizio honetan zentratuko gara. Nola heldu mamiari? Lehenbizi galderak eginen ditugu eta gero atariko mikromarko kontzeptual bat aurkeztuko dugu.

Izan ere, zer den aktiboa eta zer den pasiboa esatea ez da, sarritan, gauza erraza izaten. Hona bi adibide. Bata: hautemate edo perzepzioa. Ekintza pasiboa dirudi, subjektuari etortzen zaion zerbait. Haatik, askotan haren aktiborasuna azpimarratzen da, esaterako, enaktibismoan (Alva Noe, Evan Thompson), non perzepzioa da subjektuak ingurunearekin egiten duen zerbait ba den. Bestea: itxuraz higidura gutxi eskatzen duten ekintza batzuk (odola ematea, gose greba egitea) berez, haren kosteari erreparatzen badiogu, aktibotasun handikoak dira subjektuarentzat.

Hortaz, aktibotasuna eta higidura ez dira guztiz parekideak.

Beste aldetik, aktibotasunak ez du beti eskatzen horren emaitza jasotzen duen zerbait edo norbait. Mendi bat igotzea, adibidez, aktibotasun handiko ekintza dirudi. Urakan bat ere bai. Hala ere, itxuraz ez dago hartzaile zuzenik batean, ez eta e(ra)gile argirik bestean.

Hortaz, aktibotasuna/pasibotasunaren dikotomia eta e(ra)gile/hartzailearen dikotomia ez dira guztiz parekideak.

Azkenik, aktibotasunak ez du beti kosterik eskatzen, pasibotasuna beti debalde ez den moduan. Hiltzaile baten ekintzak badu koste larria hildakoarentzat. Hala ere, ez dugu derrigorrez esan behar hildakoa ekintza aktibo baten subjektua izan dela.

Hortaz, aktibotasuna eta kostea ez dira guztiz parekideak, ez eta pasibotasuna eta doakotasuna.

Obedientzia/desobedientziaren kasuan, kontua katramilatsuxeagoa da, zeren eta bietan bada ekintza moduko bat. Orduan (kontraesankor xamarra bada ere) ekintza aktibo eta ekintza pasiboen artean ezberdintzera behartuta gaude.

Horra ba galderak. Zerk bihurtzen du ekintza aktibo intsumisioa? Zerk pasibo Berkeleyk defendatzen duen potereari men egite hori? Ba ote zerikusirik kostea, higidura edo e(ra)gile/hartzailearen dikotomiarekin?

Hasteko, esanen nuke kosteak baduela zerikusia. Hau da, ekintza deliberatu bateko aktibotasuna markatzen du, neurri batean, eragileari suposatzen zaion kosteak. Are eta gehiago desobedientziaren kasuan. Tzvetan Todoroven Insumisos idaz-lanean garbi islatzen da: hantxe ikertutako kasu orotan (Aleksandr Solzhenitsyn, Nelson Mandela, Malcolm X, edo Edward Snowden, besteak beste), eragileak jasotako kosteak estimatzekoak dira. Berdin-berdin zerbitzu militarrari zuzendutako intsumisioaren kasuan, dokumentalaren izenburuan ederki salatzen den moduan.

Saltsa gehiagotan sartu gabe, honako atariko koadro hau zilegi zait.

AktiboaPasiboa
Obedientziabadu koste handia e(ra)gilearentzat
printzipio aktiboa barrukoa da, neurri batean
lege eta poterearekiko orekan
ez du koste handirik e(ra)gilearentzat
printzipio aktiboa kanpokoa da
lege eta poterearekiko orekan
Desobedientziabadu koste handia e(ra)gilearentzat
printzipio aktiboa barrukoa da, neurri batean
lege eta poterearekiko desorekan
ez du koste handirik e(ra)gilearentzat
printzipio aktiboa kanpokoa da
lege eta poterearekiko desorekan
atariko mikromarko konzeptual bat

Hona hemen beste arrazoi bat aktibotasunean kosteak duen garrantzia aldarrikatzeko. Intsumisioa desaktibatze aldera, agindua duenak hartzen dituen neurriak aldakorrak dira. Eta, une batean, posiblea da neurri gogorrak beste neurri finekin txandakatzea. Neurri fin horien kostea gordeago edo behintzat kanpotik apainduagoa da: kendu kartzela zigorra eta gaitasungabetze publiko luze bat jarri, pertsonarekiko isunak ekidin eta are eta handiagoak mugimenduei jarri, etabar. Horrela, kosteak segitzen badu ere, ez da hain agerikoa.

5 1 vote
Article Rating
Subscribe
Notify of
guest
0 Comments
Oldest
Newest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
0
Would love your thoughts, please comment.x
()
x